Gernika-Lumoko Udalak herriari bidegorria "ostu" diola salatu du Bidegorridxe ekimenak
Udal gobernuak ez duela mugikortasun jasangarriaren eta bizikletaren aldeko apustua egiten salatu du Bidegorridxe ekimenak. Gainera, ez daukatela bizikleta sareak gauzatzeko planik adierazi dute.
Gernika-Lumoko Bidegorridxe ekimenaren bultzatzaileek udalak herriari bidegorria “ostu” diola salatu dute. Gainera, bizikleta sareak gauzatzeko planik ez edukitzea “onartezina” dela diote.
2011. urtean Bidegorridxe ekimenak eskualdeko beste 50 elkartegaz batera manifestu bat aurkeztu zuen, eta mozio modura osoko bilkuran onartu zuten. Bertan, besteak beste, mugikortasun jasangarria sustatzea, bizikleta udalerriko zirkulazio planifikazioan txertatzea eta bizikleten erabilerarako bide sareak zabaltzea adostu zuten.
Hala, ordutik zortzi urte igaro direnean, udal gobernuak ez dituela 2011. urtean aho batez onartutako konpromisoak burutu salatzen dute, bai eta ez duela bizikleta bideak bultzatzeko asmorik agertu ere: “Ezin dugu garraio osasungarri eta garbia erabili. Gainera, tristeki, ez dago bizikleta eta bizikleta bideak sustatzeko plangintzarik”.
Gizarte, ingurumen nahiz kirol arloko hamaika kolektibok bizikletaren aukera alternatiboaren eskaria egiteko hamaika ekitaldi bultzatu dituztela gogoratu du Bidegorridxe ekimenak, eta Gernika-Lumoko Eskola Bidea moduko egitasmo “txalogarria” erdibidean geratu izanaren aurka agertu da: “Prozesu eredugarria izan zen, udalerriko ikastetxe guztiekin, osasunsarearekin eta udalarekin batera diseinatuta eta garatutakoa. Eta hori erdibidean geratu da ikastetxe bat bera ere ez baitago bidegorriagaz konektatuta”. Hala, udalak herritarrei eta euren aldarri eta beharrizanei “beste behin” bizkarra eman dietela salatu dute.
Halaber, bidegorria “arriskutsua” dela adierazi dute: “Okerreko disenutik haratago, Iparragirre eta Alhondiga kaleek bat egiten duten puntuan bat-batean bukatzen da. Horrez gain, ibilbidean zehar bestelako puntu beltzak daude”.
Mestikabaso kaleko tartea. Beste behin, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak bidegorria Gernika-Lumoko hiri esparru guztira zabaltzeko emandako diru laguntzak “desbideratu” egin dituztela salatu dute ekimeneko bultzatzaileek: “Diru laguntza hori desbideratu egin zen helburuetan, eta iruzurrez diru guztia erabili zen Mestikabaso kaleko tarte bat urbanizatzeko, bidegorriaren tartea barne”.
Gainera, salaketa guzti horiek behin eta berriz udalean zein udalerriko kaleetan era desberdinetan plazaratu dituztela adierazi dute. Orain dela zortzi urte hartutako konpromisoak betetzeko eskaria udalera eraman gura izan dute, baina ezin izan dutela diote: “Harrigarria bada ere, gai horiek gure ahotik udalbatzara eraman nahi izan genituenean Jose Maria Gorroño alkateak hitza ukatu zigun, aurretiaz ordezkarien parte hartzea bide formaletik eta epean eskatuta egon bazen ere”.