Bermeoko Itsuki Irratiak bere lehen bazkide kanpaina abian jarri du
Hiru hamarkadako ibilbidea egin duen irratiak bermeotarrei laguntza eskatu die bizirik jarraitu ahal izateko.
Bermeoko Itsuki Irratiak bere lehen bazkide kanpaina martxan jarri du irratia finantzatzen laguntzeko diru sarrera gehiago lortzeko helburuagaz.
Ibon Etxebarria eta Maitane Bastarretxea kazetariek adierazi dutenez, “diru laguntzetan jasan dituzten murrizketek, azken urteetako publizitate sarrera jaitsierekin batera”, irrati bermeotarraren “egonkortasun ekonomikoari zuzenean eragin” diote.
Hori dela eta, 30 urte baino gehiagoko ibilbidea duen hedabideak funtzionatzen jarraitu eta tokiko komunikazioan erreferentea izaten jarraitzeko kanpaina martxan jarri beharrean ikusi dira, beraien entzuleei ekonomikoki laguntza eskatu eta irratiak bizirik iraun dezan.
Bazkide txartela. Hortaz, “informatzen jarraitu eta bermeotarrez entretenitu” eta “herriko irratiari laguntzeko interesa dutenek” Askatasun Bidea 3an dagoen Bankoa-ko sukurtsalera hurbildu beharko dira ES46 0138 0024 1401 1083 1427 kontu korrontean 20 euroko urteroko kuota sartzeko edo helbideratzeko. Hori izen-abizenak eta telefono zenbakia adierazita egin beharko dute.
Diru laguntza ematen duten herritarrek Itsuki Irratiaren bazkide txartela jasoko dute. Horrekin, hainbat “deskontu eta abantaila” eskuratuko dituztela jakinarazi dute irratitik.
Ekainaren 2an Itsuki Irratiak 34 urte beteko ditu. Izan ere, 1985ean Bermeon ospatu zen Ibilaldiarekin batera hasi zituen bere emisioak. Ordutik hona “gazte asko” aritu dira irratian lanean, profesionalizatu zen arte. Gaur egun Etxebarriak eta Bastarretxeak “hasierako ilusio berberagaz edo handiagoagaz” jarraitzen dute Itsuki bizirik mantentzen.