Zapatuan zabalduko dute Arte eta Natura Ereño Behatokia
Naturan bertan sortutako artea dakarte Rober Garay mundakarrak eta Alberto Palomera bilbotarrak. Ereñoko marmol gorriko bi harrobitan arte galeria erraldoia sortu dute.
Harrobira joan, sormenari eragin eta obrak sortu. Horixe da Rober Garay mundakarrak eta Alberto Palomera bilbotarrak Ereñon egin dutena. Arte eta Natura Ereño Behatokia Sintonia Arrecifal sortu dute aipatu artistek. Bederatzi obrek osatzen dute arte galeria bitxi bezain ederra. Gerandape eta Geranda erdiko harrobiak arte garaikidez bete dituzte.
Urtarriletik lanean aritu dira bertan, eta eguzkiaren zein urtaroaren arabera, obrek hartu dituzten koloreek txunditu dituzte sortzaileak. Rober Garayren berbetan, espazio natural hori orain dela urte asko eskulekua izan zen: “Antzinako orbainetan arte garaikideagaz lotutako esku hartzea egin gura izan dugu”. Pare bat urtez inguruko harrobiak aztertzen aritu dira, antzinako uharria balioan jartzeko proiektu bat egin gura zutela argi eduki zuten. “Ustiaketarako produktu moduan hitz egin da beti harrobietaz, baina, bagenekien paleozoikoan ozeano tropikal baten hondoa zela hau. Legatu hark sortu zuen marmol gorria, eta berau balioan jarri gura izan dugu. Legatu hori molusku eta itsas izakiek osatzen dute. Orain dela 340 milioi urteko garaiagaz elkarrizketa zabaltzea pentsatu genuen”.
Zentzumenak nahasiz
Zientzia eta “makineria artistikoa” uztartu dituztela azaldu dute goizean. “Sinestesian oinarritutako lengoaia da. Gure zentzumenak pizten dituzten loturak ezartzen saiatu gara, baina, modu desordenatuan. Uki daitezkeen testurak usaintzea lortzea, koloreak entzutea edota lurrinak ikuskatzea adibidez”. Zentzumenak antzemateko modua nahastu dute, “aspaldiko garaiekin lotura” eginda.
Ikuslea obra osatzen duen “pieza” dela zehaztu dute artistek. Palomerak argi utzi du ez direla eskulturak, “arte instalazioak dira”, inguruak eta arteak bat egiten duten guneak. “Teknika patafisikoa erabili dugu. Idatzi edo zirriborroetan okurritzen zaigun denari irtenbide imaginarioa ematen digu. #LePatafisicCabinet taldea gara. Kontzeptu frantsesa da patafisic. Ikuspegi horretatik sortzeak askatasun itzela ematen digu; ezarritako mugak apurtzea ahalbidetzen digu. Horregatik, inguruagaz berba egiten duten obrak egitera jolasten gara. Patafisikak inork begiratzen ez duen lekuetara begiarazten zaitu; salbuespenari begiratzea da, eta begirada berri bat ematen du. Lan honegaz, mendian edo naturan zehar doan bidaiaria edo mendigoizalea berreskuratu nahi dugu; ezeri begira ez doana”. Behatokiko lanekin begirada indartzea eragin gura dute; “begirada handitzea”.
Konbekzio unibertsalek sormena erailtzen dutela azpimarratu du, eta horregatik horien kontra egiten dutela: “Begirada eta ikuspuntua interesatzen zaizkigu”.
Iazko abenduan proiektua egin eta udalean aurkeztu zuten, eta ondoren aldundiaren babesa lortu zuten. Joseba Zarragoikoetxea alkateak sormen prozesua bertatik-bertara jarraitu du eta obrak zelan egiten aritu diren ikusteak liluratu duela dio. “Harrobia eta artea bat egite aparteko ideia zela pentsatu genuen eta oso pozik gaude emaitzagaz. Ereñon ezinbestekoa da gure baliabideak bizirik mantentzea. Ereñoko historia herriko harrobiei lotuta dago, eta horregatik ekimen garrantzitsua da guretzat. Turismoari begira ere interesgarria da. Bizkaian turismoa goraka doala ikusita, eta Urdaibai Bizkaiko bigarren gune bisitatuena dela jakinda, uste genuen gurdi horretara igo behar genuela”, azaldu du Ereñoko alkateak.
Lorea Bilbaoren berbetan, proiektu zoragarria da, baina, batik bat atzean dagoen ideia: “Gizakiok egin dugun interbentzio batean artea txertatzea eta harrobi bati arte begirada batez begiratzea benetan polita da. Are gehiago horrobi hori hain berezia denean eta garai bateko arrezifeetako koloreak sartzen direnean”. Turistak erakartzeko zein bertokoek Ereñon dagoena ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen duela gaineratu du. “Ereño mapan beste era batera kokatu ahal duen esku-hartzea da. Bizkaian, Euskal Herrian zein hemendik kanpo ere ez dira asko halako aukerak eskaintzen dituztenak”. Proiektuak bi gauza garrantzitsu batzen dituela uste dute Bilbaok eta Zarragoikoetxeak, ingurunea bera eta “Bizkaiko talentua”; Mundaka eta Bilbo, kostaldea eta itsasadarra.
Zapatuan bisita gidatuak
Aurkezpena eta inaugurazio ekitaldi ofiziala gaur egin badituzte ere, inaugurazio publikoa zapatu arratsaldean egingo dute, eta bisita gidatuak ere egingo dituzte, 18:00etatik 19:30era.
21:00etatik aurrera, berriz, Neønymus artistaren kontzertuak «sinestesian» murgilaraziko ditu bertaratutakoak. “Artistak harri lurruntsuen ozeanoan murgilduko du publikoa, antzinako koloreak entzunez eta urruneko oihartzunak antzemanez. Zentzuak zeharka eta modu aleatorioan mugiaraztea da asmoa”. Lekuaren ezaugarriengatik leku kopuru mugatua egongo da, eta beraz, aurretiaz erreserba egin behar da, 94-625 46 21 deituta (08:00etatik 14:00etara).
Zapatutik aurrera, ibilbideak eta bisita gidatuak egiteko aukera eskainiko dute. Halaber, esan dutenez, entzumen gidak, making off-aren erakusketa eta ikus-entzunezkoen bat egitea ere aurreikusi dute. Tradizioa, historia, oraina eta etorkizuna uztartzen ditu behatokiak eta gainera, proiektuak jarraipena izatea ere gura dute, eta beraz, sormenak ez du eteneik edukiko.