Belen Arrojo andaluziarra fitxatu du Lointek Gernikak
Perfumerias Avenidan jokatzen egon da hegaleko jokalaria, eta besteak beste, defentsan zein errebote lanean taldeari ekarpen handia egin ahal diola adierazi dute klubaren ordezkariek.
Talentua eta gaztetasuna. Horrela definitu dute Belen Arrojo Lointek Gernikaren fitxaketa berria. 24 urteko granadarrak esperientzia dauka Emakumezkoen Ligan, eta espainiar selekzioagaz ere minutuak pilatu ditu. Hain zuzen, 20 bat bider aritu da nazioarteko txapelketetan, eta Tenerifen lehiatutako Munduko txapelketan brontzezko domina eskuratu zuen Espainiagaz.
Lointek Gernikaren proiektuak erakarrita ailegatuko da Gernika-Lumora. Haren berbetan, jokalari moduan hazten segitzeko eta berriro ere kantxan “garrantzitsua” sentitzeko aukera da honakoa: “Kluba hazten ari da eten barik, eta urteak daramatza lan handia egiten. Mariok nirekiko interesa zuela jakin nuenean, ez nuen birritan pentsatu. Gainera, Eurocup txapelketa lehiatzea motibazio itzela da niretzat”. Oraindik helburuak zehazteko goizegi dela dio: “Helburuez hitz egiteko goizegi da oraindik. Jokalari guztien artean giza talde on bat osatzea izango da lehen helburua, eta ondoren, buru-belarri lan egitea, Dia Liga gero eta lehiakorragoa delako, eta inork ez digulako ezer oparituko”.
Ibilbidea. Defentsa zein errebote lanean nabarmentzen da jokalaria, eta elegantzia da bere talentuaren ezaugarri nagusietako bat. Emakumezkoen Ligaren lehen esperientzia Burgosen hartu bazuen ere, Mann Filterren hasi zen nabarmentzen. Cadi La Seun egindako bi denboraldietan sendotu zen, eta ondoren, Sant Adriaren gorengo mailako lehen urtean jokalari garrantzitsuenetakoa izan zen (partiduko batez beste 11,2 puntu eta 5,4 errebotegaz). Perfumerias Avenidan, baina, ez du nabarmentzeko aukera askorik eduki. Halere, partiduko batez beste jokatu dituen 18 minutuak ondo aprobetxatzen jakin du, 4,5 puntu eta 1,8 errebote lortuz.