Julen Karrion: "Lana izan da bidea"
Eusko Alderdi Jeltzaleagaz aldaketa ailegatu da Muruetako Udalera. Julen Karrion jeltzalea izango da alkatea datozen lau urteotan, eta bere taldearen helburua "herria eta herritarrak ondo egotea" dela azpimarratu du. Busturialdeko alkate gazteena izango da.
Otsailean 20 urte beteta, Busturialdeko alkate gazteena izango da Julen Karrion Lamikiz jeltzalea. Azken hiru agintaldietan Murueta Independiente Taldeak eduki du alkatetza eta azken hamabi urteotako alkatea izan den Jabier Ondarza Magunagoikoetxea oposizioan egongo da datozen lau urteetan.
Hamahiru botoren aldea egon da bi hautagaitzen artean, eta ondorioz, lau hautetsi ditu EAJk eta hiru zinegotzi MITak. 2015eko datuekin alderatuta, 66 boto gehiago eskuratu ditu alderdi jeltzaleak; 61 boto lortu zituen orduan, eta 127 boto ditu orain. Bestalde, 34 boto gutxiago eskuratu ditu hamabi urtez alkatetzan egon den herri hautagaitzak.
Lamikiz udal gobernu buru lan egiteko gogoz eta ilusioz dago, eta “ahalegin betean” ariko dela gaineratu du: “Denok egingo dugu aurrera, denok gara Muruetakoak eta denok lan egin behar dugu Muruetagatik, inor atzean utzi barik. Denok gaude elkar laguntzeko eta gure helburu bakarra da herria ondo egotea eta herritarrak ere bai”.
Garaipena talde lanean aurretik egin duten lanaren ondorio dela nabarmendu du Karrionek: “Denbora askoko lana dago atzean; urteak daramatzagu prestatzen. Taldearen beharra izan da. Lana izan da bidea, errespetuz, aurpegia emanez eta gure bidetik lan eginda, fruituak lortu ditugu”.
Orain arte moduan, datozen lau urteotan ere elkarlana giltzarria izango dela deritzo, eta beraz, herritarrak alboan gura ditu:«Ez genuen espero arren, herritarren esku geratu da eta guk gure onena eman dugu. Orain aurrera egiteko denon laguntza behar izango dugu».
Parte hartzea oso altua. Alkatetza aldaketaz gain, parte hartze datu altua nabarmena izan da Muruetan; Busturialdeko handiena. Botoa ematera deituta zeuden herritarren %96,06a hurreratu zen bozkatzera.