'Ipuin asteak' lelopean, udalekuak antolatuko dituzte Gautegiz Arteagan
Izena emateko epea ekainaren 7ra arte egongo da zabalik.
Uda garaia iristear dela, Gautegiz Arteagako Udalak 3 eta 8 urte bitarteko umeentzako aisialdi jarduerak eskainiko ditu ekainaren 24tik uztailaren 14ra. Lau astetan zehar, herriko gaztetxoenek euskal ipuin eta idazleen ezagutzan sakontzeko aukera izango dute.
Udalekuak lau txandatan banatuko dituzte, hala, gurasoek aukera izango dute beraien umeak egokien datorkien egunetan apuntatzeko. Lau txandak horrela banatu dituzte: ekainaren 24tik 28ra lehena, uztailaren 1etik 5era bigarrena, uztailaren 8tik 12ra hurrengoa, eta uztailaren 15etik 19ra azkena. Hala, goizero, 10:00etatik 14:00etara udako oporraldiez gozatzeko jarduerak prestatuko dituzte herriko Kultur Etxean, eta behar duenak harrera zerbitzua ere izango du 09:30etik aurrera.
Plaza mugatuak izango dituzte eta herrian erroldatutakoek lehentasuna izango dute. Udalekuetan parte hartzeko deialdia ekainaren 7ra arte luzatuko dute, eta matrikulak 30 euro balio ditu. Hala ere, bi seme-alaba apuntatuz gero, azken honek 20 euro ordainduko ditu, eta hirugarren batek ere parte hartuz gero, 10 euro baino ez ditu ordaindu beharko.
Aurten, gainera, Ipuin asteak lelopean, euskal literaturaz gozatzeko parada izango dute udalekuetara izena ematen duten umeek, izan ere, euskal ipuinak eta idazleak izango dira jorratuko dituzten gai nagusiak. Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak nabarmendu duenez: “Udalekuak jolasak eta ikasketak batzen dauz. Hauetan, herriko neska-mutilek euren harremanak sendotzen dituzte, giro ludikoan, hurbilean eta seguruan”.