Ianire Lopez gernikarra bigarren sailkatu da Euskadiko Txapelketan
Alazne Mugida bilbotarra nagusitu da emakumezkoetan, eta Daniel Suarez leioarra da fitness clasicc kategoriako Euskadiko txapelduna.
29 pertsonak lehiatu zuten Euskadiko Txapelketa Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan, zapatu arratsaldean, eta Busturialdetik bi ordezkari egon ziren. Hain zuzen Ianire Lopez gernikarra txapeldunorde geratu zen emakumezkoen Bikini kategorian, eta Julen Ibargutxi bermeotarra bosgarrena izan zen gizonezkoen Bodyline kategorian.
Gorengo mailako Fitness Clasic kategorian zortzi gizonezkok parte hartu zuten, eta Daniel Suarez leioarra izan zen garailea. Ekhi Ladislao dimarrak eta Fernando Ziganda andoindarrak osatu zuten podiuma. Emakumezkoetan, berriz, Alazne Mugida da Bikini kategoriako 2019ko txapelduna. Bost neskak lehiatu zuten txapelketa, eta aipatu moduan, Lopez bigarren sailkatu zen, eta Zornotzako Maialen Corral izan zen hirugarren sailkatua.
Bestalde, Bodyline eta Bodyfitness kategorietan zortzina parte hartzaile egon ziren. Bodyfitnessean Erik Basaguren bilbotarrak irabazi zuen txapelketa, eta Idiazabalgo Jon Aranburu geratu zen txapeldunorde. Eurekin batera, Derioko Julen Ramirez sartu zen podiumean. Hasiberrientzako Bodyline kategorian, berriz, Asier Garcia sopeloztarra gailendu zen, eta Joel Lopez santurtziarra eta Julen Agilera areatzarra bigarren eta hirugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Edu Lekunberri antolatzailearen berbetan, gazte asko hurreratu ziren txapelketa ikustera, eta Lizeo Antzokian eduki zuten giroa azpimarratu du. Halaber, ikusle zein kirolarien aldetik espero ez zuten partaidetza izan dutela dio: “Ez sinisteko arrakasta eduki dugu aurten. Legearen barruan sartuta, Eusko Jaurlaritzagaz txapelketa egiten hastea oso ondo baloratu dugu. Ez genuen espero halako arrakastarik. Lizeo Antzokia txiki geratu zen; senide eta lagunez bete zen, eta giro aparta izan genuen, beste urte batzuetan baino hobea eta sanoagoa”. Dopin kontrolak egin ahal izan dituzte aurten, eta horrela beste pauso bat eman dutela uste du: “Etorkizunerako hasiera izan litekeela uste dugu. Dopin kontrolak gehituta, txapelketak etorkizun ona eduki lezake”.
Beraz, balorazio oso positiboa egin dute antolatzaileek: “Antolatzen zabiltzanean beti espero duzu halako zozer gertatzea, baina, beti zalantzak izaten dituzu. Oso gustura gaude; balorazioa oso positiboa da. Kirol zein osasun arloan egin dugun apustuagaz pozik gaude”.