EAJk bere nagusitasuna sendotu du Busturialdean
Hiru herritan izan ezik, alderdi jeltzalea nagusitu da eskualdean. EAJk gehiengo osoa lortu ez arren, eskura du Rementeriak Bizkaiko Ahaldun Nagusia izatea.
Ez da ezustekorik egon, eta Eusko Alderdi Jeltzalea nagusitasunez gailendu da Busturialdeko foru hauteskundeetan; azken hamarkadetako bere nagusitasuna sendotu du.
Ajangizen, Ean eta Nabarnizen izan ezik, Busturialdeko beste hamazazpi herrietan boto gehien jaso dituen alderdia da. Hala, orain dela lau urte lortutakoa berretsi dute jeltzaleek.
Boto kopuruan gora egin dute; 13.870 biztanleren botoak jaso dituzte aurten, 2015eko hauteskundeetan baino 1.343 boto gehiago. Besteren artean, nabarmen igo da EAJren aldeko botoa eskualdeko bi herri nagusietan. Bermeon ia 800 boto gehiago eskuratu ditu, eta Gernika-Lumon, berriz, 428 gehiago.
Eskualdean, EH Bilduren aldeko botoek ere gora egin dute foru hauteskundeetan. Guztira 8.942 eskuratu ditu koalizio abertzaleak, 2015. urtean baino 122 boto gehiago. Bermeon, esaterako, jaitsi egin da koalizio abertzalearen aldeko babesa; orain dela lau urte baino 142 bozka gutxiago eduki ditu–orduan Josu Unanue bermeotarra izan zen EH Bilduren ahaldun nagusigaia–.
Aipatu bi alderdien gorakada Elkarrekin Podemos koalizioak izan duen beherakadak eragin du hein batean. Izan ere, 515 boto gutxiago lortu ditu; 1.188 herritarrek eman dute Elkarrekin Podemosen aldeko botoa aurten, eta 1.703 herritarrek babestu zuten 2015ean.
Abstentzioari dagokionez, bi puntu jaitsi da eskualdean. Ereñon, Foruan, Mundakan eta Sukarrietan soilik igo da abstentzioa, baina oso kopuru txikian.
Barrutiei dagokionez, guztietan gailendu da EAJ nagusitasunez, eta bertoko udalerriak barne diren Busturia-Uriben, botoen %47 eskuratu du. Hala, barrutian batzarkide bat gehiago lortu du oraingoan, alderdi jeltzaleak; zazpi izango dira aurrerantzean.
EH Bilduk bat gutxiago. EH Bilduk duela lau urte baino boto gehiago eskuratu ditu eskualdean zein Busturia-Uriben barrutian. Hala ere, barrutian orain arte zituen lau batzarkideetatik bat galdu du. Beraz, lau ordezkari izatetik hiru izatera pasatuko da koalizio abertzalea. Aipatu barrutian zerrendaburu izan den Iratxe Arriolagaz batera Bizkaiko Batzar Nagusietan egongo dira Asier Vega eta Onintze Oleaga.
Eskualdean legez, Bizkaian ere hegemonia berretsi du alderdi jeltzaleak, batzarkide kopurua handituz; 23 ordezkari eduki ditu azken lau urteotan, eta 25 edukiko ditu aurrerantzean. EH Bilduk, berriz, hamar ordezkari izango ditu Bizkaian; lehen 11 zituen. PSE-EEk zortzi ordezkari edukiko ditu, eta Elkarrekin Podemosek, berriz, sei. PPk bi hautetsi izango ditu.
Beraz, eta Bizkaian gehiengo osoa lortu ez badu ere, eskura du Unai Rementeriak berriro ere Bizkaiko ahaldun nagusi izatea. Horretarako, baina beste alderdi batekin adostasunera iritsi beharko da.
Hauteskundeetako emaitzekin pozik dago Rementeria, eta alderdi jeltzaleak dituen proiektuetan sinisteagatik jasotako babesa eskertu zuen hauteskunde gaueko agerraldian. “Herrigintza egiten dugu, zuek zarete alderdiaren hezurra eta muina. Zuek osatzen duzue Eusko Alderdi Jeltzalea, zuek eraikitzen duzue guk sinisten dugun hori”, adierazi zuen mundakarrak.
Foru hauteskundeetan eta udal hauteskundeetan lortutako emaitzak eskertuta, alderdiak ez daukala “toperik” esan zuen Rementeriak hunkituta: “Gau itzela izan dugu gaurkoa–atzokoagatik–. Orain dela lau urte alderdi honek gorena jo zuela ematen zuen, baina ez dago toperik guretzat. Gehiago lortu genezake, eta horretan oinarrituta herriak eraikitzen jarraitu behar dugu”.