Bermeora heldu da eskualdeko aldaketarik nabarmenena
Jeltzaleek kostako herriaren alkatetza berreskuratu dute; Muruetara ere EAJren eskutik heldu da aldaketa, eta Elantxoben EH Bildu izan da nagusi.
Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ) izan da Busturialdean alderdirik bozkatuena, eta 91 ordezkari lortu ditu, 20 herrietako hautetsiak eta alkateak batuta. EH Bildu izan da bigarren alderdirik bozkatuena, 8.732 bozka bilduta. 59 ordezkari izango ditu, guztira, Busturialdean.
PSEk 769 boto izan ditu eta 193 PPk. Hala ere, bi alderdi horiek ez dute ordezkaririk izango eskualdean datozen lau urteetan. Parte hartzeak gora egin du oraingoan udal hauteskundeetan, %27,48ko abstentzioarekin. 36.129 lagun zeuden deituta botoa ematera Busturialdean.
Aldaketarik nabarmena Bermeon eman da. EH Bilduk bi zinegotzi galdu ditu, eta EAJk gehiengo osoa lortu du, bederatzi znegotzirekin. Guzan herri plataformak hiru ordezkari izango ditu.
Muruetan ere Julen Karrion jeltzaleen hautagaiak eman du ezustekoa. Herri horretan parte hartzea handia izan da, Busturialdeko handiena: %96,06. Murueta Independenteen Taldeak (MIT) hiru ordezkari lortu ditu, EAJren mesedetan. 4 ordezkari eta alkatetza izango dute jeltzaleek agintaldi berrian. Elantxoben ere aldaketa emango da, azken orduko aldaketarik ezean. 11 botoren aldeagaz, EH Bildu koalizioa gailendu zaio EAJri botoetan: 125 bozka izan ditu Patxi Egurrola buru duen zerrendak, eta 114 boto Jose Maria Bilbao jeltzalearenak.