"Bermeo abante ipiniko duen proiektu honek denon kolaborazioa eta elkarlana behar ditu"
EAJk gehiengo osoa lortu du Bermeon, eta Aritz Abaroak hartuko du hurrengo lau urteetarako herriko aginte makila. Azken hauteskundeetan baino bi zinegotzi gehiago lortu dituzte jeltzaleek; bederatzi, izango dituzte orain. EH Bilduk, berriz, bost izango ditu aurrerantzean (bi galdu ditu). Guzan herri plataformak hiru ordezkari izango ditu udalbatzan (aurreko agintaldian baino bat gehiago).
Bermeora aldaketa heldu da, eta EH Bilduk baino lau zinegotzi gehiago lortu dituzue. Zelan baloratzen dituzu emaitzak?
Emaitza modu positiboan baloratzen dugu. Jendeak aldaketarako gogoa eduki du, ilusioa eduki du eta horrela sumatzen izan dugu, batez ere, azkenengo egunetan eta atzo bertan ere. Ilusio hori transmititu digu jendeak. Datuek erakutsi dute ilusioa egi bihurtu dela. Ilusioa eta gogoa ikusten dituzunean, ez dakizu azken batean zelan gauzatuko den, zifretan zelan geratuko den. Baina, ikusi dugunean, benetan ezusteko pozgarri bat izan da. Aurreikusten izan dugu ilusio hori, eta horrek aldaketa ekarri ahal izango zuela. Horrek indarra eman digu kanpainan intentsitate gehiagogaz lan egiteko, baina azken unera arte sekula ez da jakiten zer gertatuko den. Bermeotar guztiei eskerrak eman behar dizkiet. Eta eskerrak eman, batez ere ,proiektu honetan modu batera edo bestera inplikatuta egon diren guztiei; batik bat, inguruan eduki ditudanei buru-belarri beharrean aritu direlako. Euren konpromisoagatik, dedikazioagatik eta euren ahalmenagatik eskerrak ematen dizkiet, lanari esker lortu dugulako proiektu hau aurrera atera ahal izatea.
Bermeo abante ipini gura duzue. Horretarako, zein izango da martxan jarri beharreko lehenengo motorra?
Lehenengo, barrutik eta lehen eskutik ezagutu behar ditugu zeintzuk diren martxan dauden lan dinamikak, gure langileek dituzten lan dinamikak zein proiektuak. Eta, batez ere, udalaren egoera ekonomikoa zein den jakin behar dugu, hortik lehentasunak markatu ahal izateko, gure proiektua oinarri hartuta hurrengo urteetarako gobernu proiektu bat egin ahal izateko. Eta gure lehentasuna garbitasuna izango da. Proiektuan horrela jaso dugu, herritarrek horrela adierazi digutelako, bai guri eta baita udalean egin zen inkesta batean ere. Garbitasuna eta mantenu beharrizana adierazi dute herritarrek, eta lehentasuna hortik lanean hastea izango da.
Herritarrek zugan konfiantza jarri izana erantzukizun handia dela esan zenuen bart gauean. Erronka horri aurre egingo diozu. Zelan?
Orain arteko moduan. Gu proiektu honegaz hasi gara jendeagaz egoten, bermeotarrak entzuten, bermeotarren beharrizanak lehen eskutik ezagutzen, eurekaz egonda. Jendeak hurbiltasun hori sentitu behar duelako eta gure helburua eta gure gogoa bide beretik beharrean segitzea da datozen urteotan ere. Jendeagaz egonez, lehen eskutik beharrizanak ezagutuz, erantzunak eta irtenbideak planteatuko ditugu, beti ere elkarlanean. Pentsatzen dugulako Bermeo abante ipiniko duen proiektu honek denon kolaborazioa eta elkarlana behar dituela aurrera eroan ahal izateko.