4.481 boto atera dizkio EAJk EH Bilduri europar hauteskundeetan
Hamazazpi udalerritan EAJk irabazi ditu Europako hauteskundeak. 13.052 boto eskuratu dituzte guztira.
Beste batez, EAJk nagusitasuna lortu du Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan. Busturialdean ere horrela izan da, eta jeltzaleek 13.052 boto eskuratu dituzte guztira. Lortutako botoekin, jeltzaleen aldetik Izaskun Bilbao Barandika bermeotarrak beste bost urtetan europarlamentuan igaroko ditu.
EH Bilduren kasuan, bestalde, Orain Errepublikak izeneko koalizioan aurkeztu da europar hauteskundeetara, ERC eta BNG alderdiekin. Busturialdean 8.571 boto lortu dituzte guztira koaliziokoek. Horrek bi eserleku eskuratzeko balio izan die, eta modu horretara, zerrendan bigarren joan den Pernando Barrenari beste batez Bruselan jarraitzeko aukera eman dio.
2014. urteko datuekin alderatuta, goraka nabarmena eduki dute bai EAJren zein EH Bilduren botoek. 8.807 boto jaso zituzten jeltzaleek orain bost urte, eta 6.865 koaliziokoek.
PSE-EEk hiru europarlamentari izango ditu. Eider Gardizabalek bigarren agintaldia egingo du Bruselan, eta berarekin Iratxe Garcia eta Adriana Maldonado ariko dira. Idoia Villanuevak Podemos ordezkatuko du.
Parte hartzeak, gora. Udal eta foru hauteskundeekin batera izanik, Europako hauteskundeen parte hartzeak gorakada nabarmena izan du 2014koekin alderatuta. Orduan, %59koa izan zen Busturialdean. Joan den domekan, ostera, %80,8ko parte hartzea egon zen.
Muruetako herritarrak izan dira Busturialdean gehien bozkatzen joan direnak: biztanleen %92ak eman zuen botoa. Bermeon egon da parte hartzerik txikiena, %66 batekin.