Busturialdean 38.293 herritar daude deituta botoa ematera
Domekan Udal eta Foru hauteskundeekin batera Europar legebiltzarrerako hauteskundeak ere egingo dituzte. Busturialdeko Hitzako webguneak eguneko kronika, argazkiak eta emaitzak bilduko ditu maiatzaren 26an. Facebook, Twitter eta Instagramen ere jarraipena egingo du HITZAk.
Hamabost eguneko kanpainaren ostean, hauteskunde egunaren aurreko hausnarketa egin beharko dute herritarek bihar. Eskualdean, 38.293 dira guztira hautetsontzietara botoa ematen joateko eskubidea daukatenak.
Udal eta Foru hauteskundeez gain, Europar legebiltzarrerako hauteskundeak ere egingo dituzte maiatzaren 26an. Busturialdeko alderdi politikoak, batik bat, udaletako alkatetzak eta eserlekuak lortzeko ekitaldiak antolatu dituzte egunotan, hainbat herritan.
Udal hauteskundeetarako kanpaina egiteaz gain, alderdiak foru hauteskundeetarako mitinak eman eta programak aurkeztu dituzte. Era berean, ekitaldiok baliatu dituzte Europar Parlamenturako botoak eskatzeko.
Udal hauteskundeei dagokienez, berritasunak ere izango dira hainbat herritan; Sukarrietan eta Busturian, kasurako. Sukarrieta Kanala Berbiztu herri kandidatura haize berriak ekarri nahian aurkeztu da aurten udal hauteskundeetara, Iker Goiri Apraiz zerrendaburu dela. Horretarako, udala herritarrengana hurbildu gura dute.
Erroxeli Ojinaga Filibi alkategai duen Piztu Busturiren kasuan, bestalde, herria berpiztea asmo duten 101 proposamen bildu ditu hautes-kunde programan.
Aipagarria da, baita, alderdi berriez gain, zenbait udaletan nagusi ez diren alderdien esku egon daitekeela alkatetza erabakitzeko ardura. 2015. urteko udal hauteskundeetan bezala, Bermeoko alkatetzarako gakoa Guzan herri kandidaturaren esku gera daiteke oraingoan ere.
Muruetan, Busturian, Sukarrietan eta Ibarrangelun ere zerrenda independenteak daude udal hauteskundeetarako aukeren artean.
2015ean modura, etzi Busturialdeak presentzia handia izango du Bizkaiko Foru Aldundirako hauteskundeetan. EAJren ahaldungai nagusia da Unai Rementeria mundakarra; bigarren agintaldia betetzeko asmoz aurkeztu da. EH Bilduko Iratxe Arriola eatarra, bestalde, Busturia-Uribe barrutiko hautagaitzako zerrendaburua da. Eako alkatetzarako buru ere bada azken lau urteetan ere alkatea izan dena.
Lehenik, Europa. Dena dela, domekan, Europako Legebiltzarrerako botoak zenbatuko dituzte lehenik. EAJren hautagaia Izaskun Bilbao izango da berriz.
Pertsonengan ardaztutako Europa bat josi nahi du bermeotarrak, demokratikoa, berdea, anitza eta solidarioa. ERC eta BNGrekin koalizioan aurkeztuko da EH Bildu. Erabaki ahal izateko, Bruselara “aitortzak lortzeko baldintzak sortzeko eta urratsak emateko” asmoz doazela diote.
Herriz herri botoa emateko eskubidea duten herritar kopurua:
- Ajangiz: 396
- Arratzu: 335
- Bermeo: 13.984
- Busturia: 1.436
- Ea: 775
- Elantxobe: 356
- Ereño: 254
- Errigoiti: 415
- Forua: 837
- Gautegiz Arteaga: 748
- Gernika-Lumo: 13.381
- Ibarrangelu: 601
- Kortezubi: 357
- Mendata: 324
- Morga: 363
- Mundaka: 1.723
- Murueta: 258
- Muxika: 1.208
- Nabarniz: 229
- Sukarrieta: 313