Kilometro 0ko politikekin Busturialdea hobetu gura du EH Bilduk
Busturialdea bizitzeko leku ona dela aipatuta, badagoela zer hobetu uste du koalizio abertzalekoak. Hala, eskualdea biziz betetzeko erabiliko dituzten politikak kilometro 0-koak izango direla diote.
Busturialderako eta Gernika-Lumorako EH Bilduk dituen asmo nagusiak aurkeztu zituzten atzo iluntzean Gernika-Lumoko Merkatu plazan. Domekan, udal, foru eta Europako hauteskundeetan koalizio abertzaleak partidu garrantzitsua jokatuko dutela adierazi zuten bertan bildutakoek.
Busturialdeko herrietan EH Bilduk “sekulako” taldeak osatu dituela esan zuen Iratxe Arriola Eako alkategaiak eta foru hauteskundeetarako hautagaiak: “Herriz herri, Busturialdean sekulako lan taldeak aurkeztu ditu EH Bilduk. Gestiorako prest daudenak, batzuk berriak, eta beste batzuk esperientziadunak. Herrigintzagaz batera behetik gora herri politikak egiteko prest daudenak”. Hala, eskuz esku Busturialde hobe baten alde egingo dutela adierazi zuen, “pertsona guztien bizi baldintzak hobetzeko”.
Busturialdea bizitzeko leku ona dela aipatuta, badagoela zer hobetu uste du koalizio abertzaleko kideak: “Besteren artean, ikusten dugu gazte askok eskualdetik kanpora joan behar dutela euren bizi proiektua hemen garatu ezin dutelako”. Enpleguari dagokionez, Busturialdeko herritarren %70 eskualdetik kanpora joaten direla esan zuen Arriolak. Pentsiodunen eta feministen borrokak eredutzat hartu, eta herriak hobetzen jarraitu beharra dagoela adierazi zuen. “Gauza asko dago hobetzeko, eta hori da egin beharreko bidea. Bide horretan aurrera egiteko konpromisoa hartzen dugu”.
Eskualdea biziz betetzeko erabiliko dituzten politikak kilometro 0-koak izango direla diote, bertatik bertara egindakoak. Gainera, politika eredu hori edozein esparrutan landuko dute: “Gure eremua eskualdea da, busturialdea. Eta eskualdea bera josi nahi dugu Muxikatik eta Eara, eta Errigoititik Bermeora; handitik txikira eta txikitik handira. Eskualde bizia nahi dugu, eta eskualdean bizi gura dugu. Gure herritarrak eta ingurumenak eskaintzen dizkun baliabideak gara. Guk horiekin eta horientzako egiten dugu lan”.
Hurbileko zerbitzuak. EAJk politika guztiak Bilbon egiten dituela esan zuen, “han kontzentratzen baititu baliabide guztiak”. Hori esanda, horregaz apurtu behar dela aitatu zuen, politika eta zerbitzuak dezentralizatu egin behar direla esanez. “Ospital gehienak Bilbo inguruan kokatzen dira, eta Gernikan anbulatorio handia daukagu, eta hori ospitale bihurtu arte borrokatuko dugu. Hemen bertotik bertora kudeatzen da ura, Busturialdeko Ur Partzuergoan, baina EAJ eta Gorroñok Bilbao Bizkaiara eraman gura dute, guretik urrundu; enplegu publikoa bultzatu beharrean, pribatizazioetara jo. Eta gu ez gaude horren alde”.
Zaborraren kudeaketa integrala egitea bultzatu gura du Arriolak: “Zergatik ez dugu zaborraren kudeaketa integrala egiten Lea-Artibain egiten den moduan? Eta zergatik ez da beste era bateko politika forestal bat bultzatzen? Zergatik aldundiak ez du benetako apustua egiten bertako baserritarrak duintasunez bizitzearen alde?”. Garraio publikoaren aldeko apustua beharrezkoa dela dio gainera, “herri txikiak euren artean konektatzeko”.
Jose Ramon Bilbao EH Bilduren Gernika-Lumoko alkategaiak aldaketa eraman gura du udaletxera. Gauzak aldatzeko unea dela dio, eta erabakiak hartzeko eredua dela aldatu beharrekoa uste du: “Jokoan dagoena erabakiak zelan hartuko diren erabakitzea da. Arazoa ez dago proiektu edota obretan, gobernatzeko ereduan baizik. Eredu bi daude jokoan: eredu populista, subjetibo eta pertsonala. Eta elkarlanean oinarrituko den eredu, objektiboa”.
EH Bilduren oinarrian “informazioa, objektibotasuna, errespetua eta elkarlana” egongo direla diote, hori baita aldaketa bultzatzea.Hori horrela, 17.000 biztanle inguruko herri batean beharrezkoak diren azpiegiturak jartzea adostu behar dela uste dute koalizio abertzaleko kideek: “Herri honen historiak eta memoriak irakurketa adostua eskatzen du, irakurketa bakarra: zer gogoratu, zertarako gogoratu, eta zelan kontatu”.
Europan presentzia. Leire Pinedok EH Bilduren legebiltzarkideak EH Bilduk Europan erabakitzeko askatasuna defendatuko duela jakinarazi zuen atzo: “Urrun dagoen ente bat dela eman arren, oso garrantzitsua da Euskal Herriaren ahotsa eramango duen ente bat edukitzea, eta horretarako, EH Bildu beharrezkoa da. Eskozia, Gales, Korsika edo estaturik gabeko herriekin batera lanean gabiltza eta erabakitzeko eskubidearen alde egingo dugu”.
Bakoitzak bere herrian lan egitea eta herriko bizia eraikitzea garrantzitsua dela dio Pinedok, baina Europan indartsu mantentzea ezinbestekoa dela dio: “Pertsonak ondo biziko diren herriaren alde egingo dugu, eta beharrezkoa da politika publiko eraginkorrak egitea, eta hori egiten gabiltza.