Nogaye Lo pibota fitxatu du Lointek Gernika Bizkaiak
Besteren artean, "borrokatzeko espirituagaz" taldeari laguntzera datorrela adierazi du mallorkarrak. 2019-2020 denboraldirako klubak egin duen bigarren fitxaketa da.
Nogaye Lo jokalari mallorkarraren fitxaketaren berri eman du Gernika KESBek, gaur. 23 urteko pibotak Emakumezkoen Ligan esperientzia dauka, eta espainiar selekzioagaz ere jokatu du.
Jokalariaren berbetan, “borrokatzeko ispiritua, laguntasuna eta fisikoa” dira bere ezaugarri nagusiak eta horiek talde gernikarrarentzat lagungarriak izatea espero du. Kanpoko jaurtiketetan maisu gisa definitzen dute, eta kantxan bizi mugitzeko dohaina duena. Klubaren eskaintza onartzeko arrazoiak ere zehaztu ditu: “Familia giroko klub umila da, helburuak oso argi dituena eta horiek lortzeko azken unera arte borrokatzen duena”.
2018-2019 denboraldian Quesos el Pastor taldean jokatu du (batez beste, partiduko 10,3 puntu eta 5,1 errebote lortu eta 31 minutu jokatu ditu). Aurretik, Mann Filterretik pasatu zen eta bi denboraldiz egon zen Cadi La Seun. Bestalde, Espainiako selekzioagaz ere hainbatetan aritu da. Letonian eta Serbian jokatu duten Eurobasketerako aurre-aukeratuen artean dago. Licas Mondelok hamazazpi jokalari deitu ditu eta horietatik hamabik jokatuko dute.
Hurrengo denboraldiko taldea osatzeko lanean, Gernika-Lumoko klubak egin duen bigarren fitxaketa da honakoa. Gaby Ocete jokalariaren berri eman zuen aurreko astean, eta bi fitxaketak dira Palma de Mallorcakoak.