Atzera begirako margolanen bilduma
Rosa Maria Sanchez Nuñez artistak 1990etik 2018ra bizi izan dituen aldaketak landu ditu Kultur Etxean maiatzaren 30era bitartean ikusi ahal den bilduman.
Atzera begiratzea ezinbestekoa da; beharrezkoa ere askotan. Urtez urte hainbat dira gizartean ematen diren aldaketak, eta horiei hainbat ikuspuntutatik ikusi ahal dira.
Paisaiak, kaleak, pertsonak… asko aldatzen dira, eta Gernika-Lumok eta gernikarrek bizi izan dituzten aldaketa horiek jaso gura izan ditu Rosa Maria Sanchez Nuñez artistak. Kordobakoa (Espainia) da jaiotzez, baina umetatik Gernika-Lumoko bizilaguna izan da. Hala, udalerrian 1990etik 2018ra bizi izan dituen aldaketak landu ditu Kultur Etxean maiatzaren 30era bitartean ikusi ahal den bilduman.
Oleo eta margo akrilikoz egurraren eta ehunaren gainean egindako 29 lan ikus daitezke Kultur Etxean. Horietan, denetariko gaiak jorratzen ditu. Gernikako astelehenetako azoka, eta udalerri inguruko produktuak ikus daitezke, bai eta paisaiak ere. Euskal kulturak ere badu tokia erakusketan: kupelak eta inauteriak esaterako. Familiari eskainitako tartea ere ikus daiteke. Bertan, artistaren familiakoak direnen aurpegiak desberdindu daitezke eta. Emakumeei eta kultur aniztasunari keinu ere egiten die Rosa Maria Sanchezek.
Hala, baina, margolan batek nabarmentzen da besteen gainetik. Gernika gogoratu izeneko olea da handiena. Obra horretan, bonbardaketaren irudiak ikus daitezke, baita herrian horren ezagunak diren zesta puntako partiduak, txillidaren eskultura eta herriko kaleak ere. Lanagaz, udalerriko ekimen nagusien berri ematen du.