Lan baldintza "duinen" alde egiteko grebak deitu dituzte metalgintza sektorean
Sindikatu guztiek metalgintza sektoreko langile guztiak deitu dituzte grebetan parte hartzera. Etzi, eta ekainaren 6an, 7an, 20an eta 21an burutuko dituzte grebak.
Bizkaiko metalgintzak behar dituen lan baldintzak bete ditzaten eskatzeko, sindikatuek grebak iragarri dituzte etzirako eta ekainaren 6, 7, 20 eta 21erako.
Bizkaiko metalgintza sektorean 2003. urtean onartutako hitzarmena dago indarrean, eta sindikatuak eta patronala hitzarmen berri bat negoziatzen ibili dira azken 15 hilabetean, baina ez dira adostasunera iritsi. Hala, sektorean gaurkotutako hitzarmen «duin» bat lortzeko, eta langileen «lan eta bizi baldintza duinak» bermatzeko greba egitera deitu dituzte langileak; sindikatu guztietako ordezkariek enpresa handi zein txikietako langileak deitu dituzte parte hartzera.
Bizkaiko hitzarmenen artean garrantzitsuena da metalarena, 50.000 langileri eragiten dielako. «Etziko grebagaz sektorea gelditu ahal dugula erakutsi behar dugu. Patronalari gure indarraren berri eman behar diogu», azaldu dute LABeko eta Wartsila eta Losal enpresetako ordezkariek Gernika-Lumon.
Une «historikoa». LABeko kideei indarrean dagoen hitzarmena 2003. urtekoa izatea «lotsagarria» iruditzen zaie, eta uste dute «orain» dela aldaketarako unea. Izan ere, sektoreak bizi duen prekarietateagaz bukatu gura dute sindikatu guzti-guztiek: «Une historiko baten aurrean gaude, une erabakigarria da sektoreko langile guztien etorkizunerako. 25 urtetan lortu ez dugun batasun sindikala lortu dugu oraingoan. Izan ere, ordezkariak ditugun sindikatu guztiak eta txikiagoak direnak bat gatoz hitzarmen berriko eskaera eta grebarako deiekin».
Metalgintza sektorean hitzarmen duinak lortzeko aukera bakarra borrokatzea eta grebara joatea LABek behin eta berriro aldarrikatu duen egitekoa dela azaldu dute sindikatuko ordezkariek. Azkenean, sindikatuak ados jartzea lortu dute. LAB, ELA, CCOO eta UGTk deitu dituzte grebak, eta erabaki hori «guztion onerako» izango den hitzarmena adostearen beharra arrazoi hartuta erabaki dute. Hala, hitzarmen guztien oinarrian egongo diren eskubide eta baldintzak zehaztu gura dituzte bat eginda. Oinarri hori lortuta, gero enpresa bakoitzak bere hitzarmen propioak eraiki ditzakeela zehaztu zuten, betiere oinarrizko eskubide eta baldintzak betez. «Hitzarmenek zenbat eta oinarri sendoagoa eduki, hobeagoak izango dira».
Soldata igoerak. 2018-2021 deitutako hitzarmena proposatzen dute sindikatuek. 2018. urtetik aurrerako hitzarmena da, «2018ko soldatetan egon ziren atzerapenak langileek eskuratu ahal izateko». Patronalak iazko soldatekin «ahazteko» esan dietela salatu zuten LABek.
Soldata igoera «txukunak» gura dituzte langileek. Izan ere, azken aldian sektoreak irabazi onak izan ditu: «Metalgintzako enpresen irabaziak oso altuak izaten ari direla zehaztu du patronalak behin baino gehiagotan. Hala, langile guztientzat berdina izango den oinarri bat eskatzen dugu. Gero, oinarri horretatik abiatuta, enpresa bakoitzak bere kasuaren arabera negoziatu ahalko du. 2018, 2019 eta 2020rako aurreko KPIa bi puntu gehiagokoa izatea eskatzen dugu; urtez urte bi puntu gehiago igotzea, alegia». Patronalak baina, KPIa %0,25ekoa izatea gura du.
Lanaldiak duinak izateko eskaera ere plazaratu dute: «Urtebeteko lanaldietan urteak daramatzagu soldatako orduak mugitu barik». Halaber, aldi baterako diren kontratuen egoerari neurriak jartzeko ere eskatu zuten. «Aldi baterako enpresak kontratatu behar badira, horiei epe muga bat jarri behar zaie. Hala, sortzen duen prekarietateagaz bukatu ahalko da».
Emakumeen parekidetasuna bultzatzea ere helburu dute sindikatuek. Eta hori lortzea «lan handia» dela badakite, beraz, komisio bat sortzea aurreikusi dute: «Soldata arrakala landuko duen taldea behar da, betiere genero ikuspegitik. Talde aktiboa izan behar da, benetako plan bat sortzeko». Izan ere, sektoreko %30a dira emakumeak, eta gizonezkoen eta emakumezkoen soldata arrakala %20koa da.
Langileen osasuna zaindu beharreko gauza dela aldarrikatu dute gaur, eta gutxi zaintzen den aspektua dela salatu dute: «Lanera joan direnak etxera bueltatu behar dira. Horretarako, prebentzio planak eta ikuskaritza lanak beharrezkoak dira».
Estatalizazioa gelditzearen beharra «ezinbestekotzat» ikusi dute, bertako erabakiak bertan hartu behar direla esanez. Gainera, hitzarmena lortuz gero, jarraipena izatea gura dute: “Eskatzen dena bete, eta beste hitzarmen bat finkatu bihartean legez betetzea eskatzen dugu. Ez da aldi baterako kontua izan behar”.