Emakumeak, elkarlana, tokiko ekonomia eta euskal identitatea aldarrikatzen duen 25. Arrain Azoka inauguratu dute
Orain dela 25 zabaldu zituen ateak lehen aldiz, eta garapen ikaragarria izan du azokak. Aurten, arrantza munduko emakumeen lana balioan jarri gura izan dute antolatzaileek. Hori horrela, 23.Hegaluze saria Erroxape Emakumeen Elkarteak jaso du.
Bermeoko ondare kultural eta ekonomikoaren, eta herriaren notasunaren erakusleihoa den 25. Arrain Azoka inauguratu dute gaur eguerdian. Orain dela 25 zabaldu zituen ateak lehen aldiz, eta garapen ikaragarria izan du; udalaren, kontserberen, herriko taldeen eta erakundeen arteko elkarlanaren emaitza da hori.
Dagoenerako denetariko produktuak dastatu, ezagutu eta erosteko aukera dago Bermeoko Arrain Azokan. Itsasoaren munduan murgilduko dira asteburuan Bermeora gerturatzen direnak, eta jai giro paregabean, adin guztietakoentzako ekintzekin gozatu ahalko dute.
Aurten, arrantza munduko emakumeen lana plazaratu gura izan dute, eta hori balioan jarri. Hala, aurtengo hegaluze saria aurten 25 urte betetzen dituen Erroxape Emakumeen Elkartearentzat izan da. Aintzi Lauburu Bermeoko Arrain Azokako kideak Erroxapeko andrek urte luzez herrian egin duten lana baloratu dutela dio: “Erroxape ia-ia Arrain Azokagaz batera jaio zen. Elkarteak Bermeoko andra guztiei ahalduntzeko, elkartzeko eta elkarrekin jarduera ezberdinak egiteko aukera eman die urte luzez, eta herriko beste elkarteei ere lagundu die askotan, azokari esaterako”.
50 lagun hasi ziren elkartean, eta gaur egun 480 pertsonek osatzen dute; etxeko andrek, portukoek, hezkuntzako langileek edota dendetakoek. Mari Jose Lopez Erroxape Emakumeen Elkarteko presidenteak saria “ilusio handiz” jaso dutela esan du: “Eskerrik asko gureganako konfiantza duzuenoi, botoa eman diguzuenei zein epaimahaikideei”. 25 urte betetzea ez dela gauza erraza dio Lopezek, eta pozik dago egindako ibilbideagaz. “Gaur egun 480 bazkide gara, eta besoak zabalik ditugu. Bazkide gazteenak 24 urte ditu, eta nagusienak, berriz, 92 urte inguru. Ekainaren 15ean 25.urteurrena ospatuko dugu, eta herri osoa gonbidatzen dugu ekintzetan parte hartzera”, esan du presidenteak atzetik irrintziak entzuten ziren bitartean.
Idurre Bidaguren Bermeoko alkateak ere zoriondu ditu Erroxapeko emakumeak, eta Erroxapek feminismoa eta emakumeen ahalduntzea bultzatu dituela esan du: “Bermeoko hainbat andrek Erroxapen aurkitu dute askatasuna, gauza berriak ikasteko gogoa, herriko hainbat ekimenetan parte hartzeko aukera eta bizitzan beharrezkoak diren momentu umoretsuak bizitzeko uneak. Konturatu barik, feminismoa eta emakumeen ahalduntzea lantzen ibili zarete urte guzti hauetan”.
Era berean, Bermeoko arrantza munduari eta itsasoari lotutako emakumeen lana goraipatu du. Bere esanetan, arrantza munduak identitate eta ondare baliotsuak eman dizkie bermeotarrei. Hala, urte askotan ezkutuan egon diren sareginen, neskatilen, arrain saltzaileen, freskeren eta kontserba lantegietako emakumeen lana plazaratu du.
Eurak eta euren lana barik, arrantza mundua, bermeotarrak eta Bermeo “ezberdinak” izango zirela aitortu du alkateak: “Urte luzez bigarren lerrotik lan egin duten emakume horiei aitortzarik zintzoena ematen diet. Arrantza munduaren eta herri honen sostengua izan zarete”.
23. Hegaluze saria izan da aurtengoa, baina 25 urteko azokak ibilbide luzea eta oparoa izan duela gogoratu du Bidegurenek, eta hori herritarren artean lortutako “sare interesgarrian” islatzen dela esan du. Hala, iaz Bermeo Tuna World Capital elkartea sortu zela aitatu du: “Iraunkortasunaren bidetik, aukera ekonomikoak sortzeko, ingurumena zaintzeko eta gure identitatea balioan jartzeko lan egiten ari garen seinalea da”. Ildo hori jarraituz, BTWC elkarteak esku artean dituen zenbait proiektu aipatu ditu: sukaldari eta adituen forumaren prestaketa, atun ontzien sareak berrerabiltzeko ekonomia zirkularreko proiektua, edota kirol arrantzako ekimenak.
Ibilbide turistikoa. Bidegurenek jakinarazi duenez, atunaren munduko hiriburua ezagutarazteko ibilbide turistiko bat prestatzen dabiltza. Ibilbide horretan hurrengo ekintza hauek eskeiniko dira: Gaztelugatxera, kontserba lantegietara, Arrantzaleen museora eta kofradietara bisitak eta baxurako arrantza ezagutzeko aukera saregine eta neskatilen eskutik.
Bermeoko identitate euskalduna ere aipatu du Bidegurenek gaurko ekitaldian. Bere esanetan, Euskal Herrian gaur egun daukagun erronka euskarari bere lekua ematea da, “munduari egiten diogun ekarpen aberasgarria baita”. Hala, herriko epresa garrantzitsuenetariko askok 2019-2020rako Euskaraldian parte hartzeko prestutasuna agertu dutela aitortu, eta euren “erantzukizun soziala” txalotu du alkateak. “Konpromiso hau gure hizkuntzaren iraunkortasuna bermatzeko salto kualitatibo bat da. Gure enpresa, paisaia, ingurumen, kulturak eta hizkuntzak urte luzean iraungo du, denon artean jositako eta kresalez bustitako sare honi esker”.
Bost ozeanoei, keinu. Azken urteetan egin legez, aurten ere bost ozeanoei keinu egin diete Arrain Azokari hasiera emateko unean; hala, bermeotarrak belaunaldiz belaunaldi bost ozeanoetan ibili direla esanda, ozeano horietako ura jaurti dute. Orain dela 25 urte Arrain Azoka hasi zeneko alkate Juan Karlos Goienetxeak, enpresa eta arrantza munduaren ordezkari Enrique Bediagak, Alkartasuna dantza taldeko Ainhoa Arenalek, Erroxapeko taldekide Mari Tere Aginagak eta Arrain Azokaren ordezkari Bego Gangoitik jaurti dute ura.
Inaugurazio ekitaldia Matxalen Bilbao dantza garaikide bermeotarrak girotu du.