Eskola txikiak bizirik daudela aldarrikatu dute beste urte batez
Busturiako, Eako, Gautegiz Arteagako, Mundakako eta Muxikako eskolak Eskola Txikien Jaia ospatzen ari dira Muxikan, gaur.

Bizirik eta etorkizunari begira ilusioz. Eskualdeko eskola txikiek euren aldarrikapena egin dute beste urte batez, jai giroan. Busturiko Jose Maria Uzelaiko, Eako Haizederreko, Gautegiz Arteagako Montorreko, Mundakako eskolako, eta Muxikako Urretxindorrako ikasleak eta irakasleak euren egun handia ospatzen ari dira gaur, Muxikan.
Busturialdeko Eskola Txikien Jaiak kolorez eta umeen irriz bete du Urretxindorra eskola. Goizeko harrera eta talde argazkiaren ostean, hamaiketakoa jateko atsedena hartu dute.
Eta eguerdian, dantza ikuskizuna eskaini dute, zikloka banatuta. Eskola guztietako ikasleek denek elkarrekin egiten dute dantzan eta ekitaldi ikusgarri bezain berezia izaten da urtero-urtero. Hala, dantzaldia amaituta, jolasean ere elkarrekin aritu dira, guneetan banatuta: eskolako aterpeetan, saskibaloi eta futbol kantxetan zein frontoiaren kanpoaldean eta barrualdean hainbat joko eginez ederto pasatu dute.









































































































