Unai Arostegi: "Lehen diskoa Talako Kantinan aurkeztea sekulakoa izan da"
‘Hor nonbait’ izeneko bakarkako lehen diskoa kaleratu du Unai Arostegi bermeotarrak. Disko instrumentala da, eta Talako Kantinan aurkeztu zuen, "bere leku gogokoenean".
Erroetatik jaiotako doinuak arteagaz batu ditu Unai Arostegi musikari bermeotarrak. Hainbat urtez musika taldeetan jotzen ibili eta gero, salto bat gehiago eman eta bere bakarkako lehen diskoa kaleratu berri du, Hor nonbait. Matxitxakoko itsasargiak iluntzean uzten dituen koloreetan bilatu du inspirazioa, eta lasaitasuna transmititu gura izan du bere lanagaz. Kantuek letrarik ez daukaten arren, irudia jarri die Arostegik; bakoitzari bat.
Hor nonbait izeneko diskoa kaleratu berri duzu bakarka. Urgatzegaz taldean aritu zara orain arte. Zerk bultzatu zaitu bakarkako diskoa sortzera?
Orain dela bi aste kaleratu nuen Hor nonbait nire bakarkako lana. Urgatzen egiten ditugun geldialdiak aprobetxatu ditut nire musika sortzeko. Taldean bost lagun gara, eta konposatzen duguna bosten artean adostutakoa izaten da. Ez dut nire gustukoa den musika soilik egiten Urgatzegaz, bakoitzak bere ideiak ematen ditu, eta elkarlanean sortzen ditugu abestiak. Oraingoan, baina, nire estilo propioa lantzeko bidea hartu dut.
Zer aurkitu ahal du entzuleak lan berrian?
Musika lasaia landu dut, gitarragaz batera, biolinak eta biolontxeloekin egindako musika sinfonikoa. Lau abestiz osatutako oso disko lasaia da; horiez gain, 30 segundo inguruko interludioa konposatu nuen. Kantek ez dute letrarik, instrumentalak dira. Izan ere, abesti guztiz sinfonikoak egiteko erabakia hartu nuen hasiera batetik. Hala ere, poesia bat idatzi dut, diskoagaz batera idatzi dudana.
Zer da bakarkako lanagaz transmititu gura duzuna?
Lasaitasunetik landutako lana da, eta lasaitasuna transmititu gura dut. Hor nonbait du izena, eta Matxitxakoko iluntze batean bururatu zitzaidan. Oso leku lasaia da Matxitxakoko itsasargia, pentsakor jartzen nauena. Lanagaz, bertako iluntzeetako momentuak irudikatu gura izan ditut. Lanaren barruan aurkitu daitekeen poesia ere, bertan idatzitakoa da, eta izandako amets batean oinarritzen da. Goiz batean izartu eta lepoz ondoan neukan neskagaz izandako elkarrizketa kontatzen du. Kafea egiten nenbilela, neska izartu eta bere galtzerdiak non zeuden galdetzen zidan. Hala, ametsetan izandako elkarrizketa horretatik jarri nion izena diskoari.
Amets hori abestiren batean islatuta geratu al da?
Diskoko lehen abestian ametsean neska haregaz izan nuen elkarrizketa hori ageri da.
Bakarkako lan honetan beste musikarien laguntzarik jaso duzu?
Jon Crespo eta Asier Renteriak lagundu didate diskoagaz. Crespok abestiei bateriak sartzen lagundu dit, konposatzeko orduan. Rementeria, berriz, laguna eta Urgatzeko taldekidea dut, eta beragaz grabatu dut dena, ekoizpen eta grabaketa lanak berak egin ditu, bere etxean. Eskerrak eman behar dizkiot egindako lan guztiagatik, nire ondoan eduki dut beti, laguntzeko prest.
Bakarkako diskoa kaleratzeak presio gehiago sortzen du?
Sormen lan handia egin behar da, baina zortea eduki dut, grabaketa lanekin asko lagundu didatelako. Desberdintasun handiena zuzenekoetan nabaritu dut. Oso sentsazio desberdina izan da oholtzara bakarka igotzea. Normalean ez naiz lotsatuta ateratzen, familian jotzen dugulako. Oraingoetan, baina, tentsio handia nabaritu dut. Ez neukan inor ondoan. Zerbait txarto ateraz gero, nirea da erantzukizuna.
Bakarkako lehenengo kontzertua etxean, Talako Kantinan estreinatu zenuen.
Oso gustura aritu nintzen Talako Kantinan. Lagunak etorriko zirela banekien, baina jende asko gerturatu zen. Nik inoiz ez dut Kantina horren beteta ikusi kontzertu batean. Nire lehenengo lana nire leku gogokoenean, eta lagunen eta horrenbeste herritarren aurrean aurkeztea sekulakoa izan zen. Oso pozik nago estreinaldiagaz.
Diskoaren estilorako leku ezin aproposagoa da.
Diskoan landu dudan musika Talako Kantina bezalako leku lasaietan entzuteko aproposa dela uste dut. Bertan eman nuen lehenengo kontzertua, eta aurrerantzean horrelako lekuetan gehiago jotzea gustatuko litzaidake. Jendea lagunekin egotea eta atzetik nire musikak lekua girotzea gustatzen zait.
Talako Kantinakoaz gain, beste kontzertu bi eman dituzu.
Bermeoko herriko tabernan eta Mungiko Boga Garagardo fabrikan ere jo dut aste hauetan. Hurrengo datak ez ditut zehaztuta oraindik. Izan ere, uda dela eta ez dela, Urgatzegaz hasi naiz berriro ere kontzertuak prestatzen. Zortzi kontzertu eman behar ditugu, eta horiek ere prestatu egin behar dira. Hala ere, geldialdia egiten dugunean, ahal dudan lekuan jotzeko asmoa daukat.
Musikaz haratago joan zara. Doinuak arteagaz batu dituzu.
Abesti bakoitzari beragaz zerikusia duen koadroa margoztu diot. Margotzea gustuko dut, eta abestiak sortu ahala, koadroak egitea erabaki nuen abenduan. Neguan hasi nintzen proiektuagaz, eta margoak sortzeko erabakia hartu, eta horrela egin dut.
Abesti bakoitzari irudi bat.
Lehenengoa egin, eta guztientzat bat sortzea erabaki nuen. Kantek ez dute letrarik, baina irudia jarri diet. Margolan abstraktuak dira, paisaiak eta gustuko tokiak islatzen dituztenak. Oso irudi metaforikoak dira, momentuan pentsatu eta margotutakoak. Bermeoko Pergolan oinarritutako paisaia triste bat egin nuen abesti triste batentzat, Pergolan dagoen iturria margolan erdian kokatuz. Bermeoko Pergola kendu egingo dutelako egin nuen lan hori, eta abesti triste baten doinuekin elkartzea erabaki nuen. Beste lan batean, esaterako, kafe bat margotu dut. Hala, kafeagaz gaileta bat irudikatu beharrean, erdibitutako bihotza egin nuen, musikak sentiarazten zidana margotuz.