"Udalerria berrindartzea" helburu duen Bermeo Abante proiektua aurkeztu du EAJk
Hiru ardatzetan egituratu dute proiektua, eta horien barnean hainbat motatako esparrutan sailkatutako 94 ekintza proposatu dituzte.

Bermeo Abante 2019-2023 udal hauteskundeetarako programa aurkeztu du Bermeoko EAJk. Proiektuak Bermeoren etorkizunari begiratzeko EAJk eratu dituen proposamenak batu egiten ditu.
Horrela, Bermeo Abante hiru ardatzetan egituratu dute. Horiek bizitza kalitatea, ekonomiaren bizibarritzea eta estiloa eta nortasuna dira.
Ardatz horietan banatuta Bermeon gauzatzeko 94 ekintza proposatu dituzte jeltzaleek, bederatzi lehentasun nabarmenduta: herriaren garbitasuna eta argiteria hobetzea, merkataritza eta ostalaritza bultzatzea, Alde Zaharreko Lokalbide programa, kontserba enpresak sustatzea, eta kultur nortasunaren garapenean eragitea dira proposatutako ekintzetako batzuk.
Aritz Abaroa Bermeoko EAJren alkategaiak aurkeztu du proiektua gaur goizean. Jeltzalearen berbetan, “entzute aktibo prozesua” garatu dute; izan ere, Bermeoko ehun bizilagun eta gizarte, ekonomia, kultura eta kirol arloko eragileekin elkarlanean aritu dira. Beraiekin batera “etorkizunari begiratzen dion Bermeoren oinarrizko ildoak proposatzen dituen egitasmoa” osatu dute.
Abaroaren ustez, bermeotarrek “ekarpenak egiteko gogoak” dituzte, eta horren harira Abante “proiektu irekia” dela nabarmendu du. Jasotako laguntzagaz batera proposamenak jasotzen eta egitasmoan txertatzen jarraituko dutela adierazi du.
Diagnosia. Azaldu dutenez, aurkeztutako proiektua elkarlan horretatik eratu duten “Bermeoren eta bere ingurunearen egungo egoeraren diagnositik” sortu dute. Diagnosiak udalerriaren “ahultasun, mehatxu, indargune eta aukera nagusiak identifikatzeko aukera” eman die jeltzaleei.
“Bermeon bere familia osatu gura duen jendearentzat leku onena bilakatzeaz ari gara”, esan du Abaroak. “Laneko eta familiako jarduerak batzeko aukera eman” eta hori “ingurune jasangarrian, naturalean eta dinamikoan” egingo duen herria eratu nahi dute, “ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegietatik jasangarria eta iraunkorra dena”.
Konexioak. Guzti horri “ondo konektatuta” dagoen udalerri bat lortzeko beharrizana gehitu diote jeltzaleek. “Azpiegitura, zerbitzu eta telekomunikazio mailan” bermeotarrek duten “bizitza proiektua aurrera eroateko leku egokia dela sentitu dezaten” lortu gura du Abaroak. Hala, zirkulazioa era berri batean antolatu eta aparkalekuak gehitzeko apustua egingo dute.
Sollubeko tunelei buruz ere mintzatu da alkategaia. Udalerria Bilbo eta Bizkaia osoagaz konektatzea lortzeko aldundiagaz lan egiteko asmoa adierazi du: “Tunelak udalerriaren eskaera historikoa dira, eta horrek eraikitzea errebindikatu eta defendituko dugu gai horietan eskumenak dituen erakunde guztien aurrean”.
Bukatzeko, itsasoari lotutako kultura eta nortasuna zaintzeagaz batera negozio eta jarduera berriak sortzearen alde egingo dutela aldarrikatu du Abaroak. “Bermeoren historia itsasoari lotuta” dagoela dio, eta herriko diru sarrera nagusia bertatik etorri izan dela: atun eta kontserba sektoreak Bermeo “mundu mailan” kokatu du.
Etorkizunean sektore hori ez dutela baztertuko dio Abaroak, baina “negozio eta jarduera berriak” sortzea ere nahi dute, “hala gura duenak bere negozioa Bermeon aurrera eroateko aukera izan dezan”.
Hala, “Bermeo gazte eta moderno” bat sortzeko lan egiteko gogoa adierazi du EAJk, sektore ekonomiko berriekin batera “jarduera ekonomikoa, enplegua eta aberastasuna” sustatzeko.
Bermeoko EAJk proiektuaren webgunea sortu du. Bertan herritarrei eratu duten taldea aurkeztu eta sortutako proiektuari buruzko xehetasunak irakurtzeko aukera eman dute.