Seigarrenez, bertsolari gazteen aterpe
Seigarrenez, B-Lañon bertso saioa egingo dute bihar 22:00etan hasita. Antolatzaileek herritarrak animatu gura dituzte bertsoekin gozatzera, eta 20:00etan Arranon batzeko deia egin dute, "trikipoteoa egiteko".
Bertsoak eta lagunak. Jai giroan bertsoekin gozatzeko aukera eskaintzen du B-Lañon sariketak urtero. Aurten, seigarrenez ospatuko dute, eta bertso zaleen aterpe bilakatuko da sariketa. Hango eta hemengo zortzi bertsolari gazteek jarriko dituzte doinuak, eta entzuleen txaloek berotuko dute aretoa bihar 22:00etatik aurrera.
“Ez ohiko” saio modura definitu dute antolatzaileek sariketa, beste txapelketa zein saioetan aurkitzen ez dena eskeintzen duelako. Hain zuzen, bertsolari gazteei saioetan kantatzeko aukera eman gura diete arduradunek: “Bertsolariak ez ditugu beraien etorkizunaren arabera bilatzen. Gure helburua bertsolari gazteei jendaurrean abesteko aukera ematea da. Plazara saltoa emateko pauso hori eskaintzea alegia”.
Bertsoei buruzko kultura sakona dago eskualdean, eta hori aprobetxatuta, herriko gazteei ere saioan parte hartzeko aukera eman die urtez urte B-Lañon Sariketak. “Busturialdean Lilibertso taldea dago, eta indar handia dauka. Bertsolari gazteek osatzen dute, eta eurei ere abesteko aukera ematen diegu”, diote arduradunek. Hala, eskualdeko bertsolariez gain, Bizkaiko, Arabako zein Gipuzkoako hainbat eta hainbat bertsolari hurbildu dira urtez urte.
Aurtengoan, Paule Loizaga, Peru Berazategi, Eli Pagola, Mikel Retolaza Mikelo, Ane Zuazubiskar, Aratz Igartzabal, Aissa Intxausti eta Asier Galarza Muxi igoko dira oholtzara. Zortzi bertsolari horietatik bostek abestuko dute lehenengoz. Gai jartzaile lanetan, Unai Agirre ariko da.
Bertsolariei bertsotan aritzeko aukera eskaintzeaz gain, ondo pasatzea bilatzen du saioak; giro sanoa sortzea. Izan ere, lagun arteko saioa da, txapelketetako seriotasunetik urrun dagoena. “Jendearen hurbiltasuna ikaragarria izaten da, eta bertsolari eta ikusleak bat izaten dira”, diote antolatzaileek.
Orain dela sei urte antolatu zuten lehenengoz bertso saioa, “ondo pasatzeko ilusioagaz”. Lehenengo urtean pentsatzen genuena baino jende gehiago gerturatu zen, eta urtez urte hasi den saioa da. Hala, aurten ere, herritarrak ondo pasatzera gonbidatu dituzte arduradunek. 22:00etan hasiko da saioa, baina lehenago, Arranon 20:00etan trikipoteoan batzeko deia egin dute.
Elkartasunari keinua. Aurtengo saioagaz, Endika Salegiren aldeko ‘Elkarrekin edozer lortu geinke’ egitasmoa lagunduko dutela jakitera eman dute arduradunek. “Ahal duguna lagundu gura dugu, gure elkartasuna adierazi”. Horretarako, zozketa bat egingo dute, bai eta herritarrek elkartasuna adierazteko kutxa bat jarri ere.