Gernika-Lumoko VII. Mendi Jaia, domekan
‘Elkarrekin edozer lortu geinke’ egitasmoari lagunduko diote, eta guztira, 325 pertsonak izena eman dute aldez aurretik. Mendi lasterketa Urdaibai Koparen bigarren proba da.
Gernika-Lumoko VII. Mendi Jaia egingo dute domekan, eta aurten bildutako diruaren parte bat Endika Salegi gernikarraren aldeko Elkarrekin edozer lortu geinke egitasmoa laguntzera bideratuko dute. Zehatz esateko, izen emate bakoitzetik euro bat izango da Salegiri laguntzeko. Hain zuzen, azken urteotan, elkartasunak eta kirolak bat egin dute Mendi Jaiean; iaz Donohue sindromea duen Maialen Aulestia umeari laguntzeko izan zen eta orain dela bi urte bat Wolf hirschhom edo 4p Sindromea dutenen erakunde batera bideratu zuten dirua.
Urdaibai Koparen bigarren mendi lasterketa lehiatuko dute, Gernika-Lumon, eta aurretiaz 107 korrikalarik izena eman dute. Hain zuzen, guztira, 325 pertsonak egin dute Internet bidezko izen ematea. BTT martxarako 50 txirrindulari daude izena emanda, eta martxetarako 168 pertsona (140 martxa luzean eta 128 martxa laburrean).
Domekan bertan ere proba bakoitza hasi aurretik izena emateko aukera emango dute; 07:30etik aurrera izena eman ahalko da. Hala, 09:00etan irtengo dira mendi martxa luzeko partaideak Pasealekutik, eta 17,5 kilometroko ibilbidea egingo dute. Korrikalariek ere kilometro kopuru bera burutu beharko dute, eta horiek 10:30ean ekingo diote lehiari.
Bestalde, bizikleta gainean menditik joatea gustuko dutenenentzat 33 kilometroko ibilbidea prestatu dute, eta 09:30ean daukate irteera-ordua. Mendi martxa laburreko partaideek, berriz, 11:00etan da hasiko dute 8,5 kilometroko ibilaldia.
Amaitzean, parte hartzaileek dutxatzeko aukera edukiko dute herriko kiroldegian. Halaber, ibilbidea zehar jarriko dituzten anoa postuez gain, parte hartzaileei txartelak banatuko dituzte eta herriko zenbait tabernatan pintxoak eduki dituzte.
Bizkaiko Liga. Bizkaiko Mendi Federazioak Bizkaiko Mendi Lasterketen I. Liga antolatu du aurten, eta horretarako puntuagarriak dira Urdaibai Koparen proba guztiak. Gernika-Lumoko VII. Mendi Jaia ligaren seigarren proba da.
Ligaren absolutu kategoriaren egutegia hemeretzi lasterketak osatzen dute. Junior kategorian, ostera, zortzi proba daude, eta domekakoa bigarren proba da.
Lasterketa bakoitzean izena eman baino ez da egin behar Bizkaiko liga lehiatzeko, eta proba bakoitzean Bizkaiko federazioaren txartela aurkeztu behar da.