11/13 sumarioko auzipetuak mobilizazio herritar indartsua prestatzeko lanean ari dira
Espainiako Auzitegi Nazionalaren zitazioa jaso dute aste honetan. Ingurukoengandik jasotako babesa eta elkartasuna eskertu dute auzipetuek.
11/13 sumarioan auzpetutako 47 euskal herritarrek auziari aurre egiteko lanean ari dira. Ibarrangelurekin lotura duen Haizea Ziluaga abokatua (Bilbo , 1979), Kepa Mantzizidor abokatua (Mundaka, 1966) eta Gernika-Lumon bizi eta Herriran lan egin duen den Ibon Meñika (Zamudio, 1977) dira epaituko dituzten hiru.
Prentsa oharrean jakinarazi dutenez, asteon hartu dute Espainiako Auzitegi Nazionalaren zitazioa, epaiketa irailaren 16an hasiko dela jakinaraziz.”Epaiketaren datak gainera datozkigu eta buru-belarri lanean jarri gara”, esan dute. Jasotako babesa eskertzeagaz batera, elkartasun guztia antolatu eta epaiketaren oinarrian dagoen preso eta erbesteratuen egoera konpontzeko aldarrikatuko duen mobilizazio herritar indartsu bat prestatzen ari dira.
Makroepaiketa, hain zuzen, “kezkaz” bizi dutela esan dute, “baina ilusioz eta indarrez beteta gaude gure aurkako ekinbide judizial, mediatiko eta politikoari aurre egiteko”. Elkar hartuta eta elkarri zainduz, jazarpenari modu kolektiboan egin gura diote aurre, eta horretarako lanean ari dira. Epaiketa prestatzeko beharrezkoak diren zereginetan murgilduta daudela jakinarazi dute, eta epaiketa horrek suposatuko dien galera ekonomiko ikaragarria arintzeko moduak ere aztertzen ari dira. Aurreratu dutenez, ekainaren 1ean Donostian egingo dute agerraldia, eta bertan emango dituzte xehetasun gehiago.