Udal gobernuaren «utzikeriari» kalean erantzun dio EH Bilduk
Azken hilabeteetan udalak hartutako erabakiei buruz euren iritzia emateko agerraldia egin zuten atzo arratsaldean EH Bilduko ordezkariek, "otsailetik osoko bilkurarik egon ez delako".
Gernika-Lumoko EH Bilduk udal gobernuaren kudeaketa salatu du, eta politika egiteko darabilen moduaren aurka agertu da. Hala, oraindik ere, agintaldi hasierako arazoekin jarraitzen dutela diote: “Dela utzikeriagatik edo interes faltagatik, duela lau urteko arazo berdinekin jarraitzen dugu”. Azken hilabeteetan udalak hartutako erabakiei buruzko euren iritzia emateko agerraldia egin zuten atzo arratsaldean, “otsailetik osoko bilkurarik egon ez delako”.
Gernika-Lumoko alkatea dela osoko bilkurak deitzeko ardura daukana argudiatuta, bilkurak ez ospatzeak oposizioa “mututu” egiten duela adierazi zuten EH Bilduko ordezkariek: “Zoritzarrez prentsaurreko batean komunikatu behar dugu gure iritzia, hauek esateko markoa den osoko bilkurarik egin ez delako otsailetik. Horrek oposizioari ukatu egiten dio erantzuteko aukera eta kontrolerako bidea”.
Halaber, otsailetik osoko bilkuran batu ez izana legez kontrakoa dela jakitera eman zuten. Izan ere, legearen arabera, 10.000 biztanletik gorako herrietan bi hilabeterik behin ospatu behar dira batzarrak. Horrez gain, agintaldiaren hasieran hilabeteko maiztasunagaz egitea erabaki zutela gogoratu zuten atzoko agerraldian.
Osoko bilkurak burutu ez izanak udal aurrekontua oraindik ez erabakitzea eragin du, eta egoera hori “harrigarria” iruditzen zaie koalizio abertzalekoei. “Gorroñoren egutegian inaugurazio eta obrek dute garrantzia, baina ez du araudia bete. Izan ere, oraindik ez da udal aurrekontua onartu. Egindako lanak ez daude jaso beharreko dokumentuan jasota, horrelakorik oraindik ez dagoelako”.
Hala, abendutik egin gabe egon dena maiatzean “korrika” egitea ez dela egokia uste dute: “Hauteskunde kanpaina hastear dago, eta orain hasi gura dute aurrekontua onartzeko prozedura. Harrigarria izango litzateke, hauteskunde kanpaina hasita, ez ohiko bilkura batean udal aurrekontua onartzea. Hurrengo agintaldira arte aurrekontua ez onartzea espero dugu. Abendutik egin gabe egon dena, maiatzaren 1ean egiteak ez daukalako zentzurik, propaganda baino ez da”.
Aterpetxearen kudeaketa. “Duela lau urte, inongo esperientziarik gabeko pertsona bati eman zitzaion aterpetxearen kudeaketa, inolako prozesu administratiborik egin barik”, azaldu zuten atzo koalizio abertzaleko ordezkariek, eta hori alkatearen lan egiteko modu “eskasaren” adibidea dela esan zuten.
Hasieran urtebeterako kontratua zela, baina kontratua hiru urte gehiagoz luzatu ziotela esan zuten. “Aurreko enpresak egiten zuen kudeaketatik dirua jasotzen zuen udalak, baina oraingo arduradunagaz, dirua ordaintzera igaro gara. Hilabetean 1.815 ordaintzera gainera. Kontratu barik egin ditu azken urteak”, azaldu zuten. Kasu hori “kuttunkeria” kasua dela diote.
Okerrena, baina, orain dela hilabete batzuk aurkeztutako pleguak direla adierazi zuten, pertsona jakin horrentzako ad hoc eginikoak zirela esanez: “Duela hilabete gutxi batzuk, pleguak atera ziren, kudeaketa kaleratu zuten, eta pleguetan agertzen ziren baldintzak pertsona horri begirakoak ziren. Besteren artean, hiru urtetako esperientzia eskatzen zuten, eta ez zuten inolako euskara mailarik eskatzen”. Horren aurrean, udaleko teknikari nagusienetako baten diruzainak kontratu horren aurkako txostena kaleratu zuela ere jakitera eman zuten politikariek.
Udaleko langileen balorazio prozesuari buruz ere jardun zuten agerraldian, eta langileen balorazio prozesua bukatu gabe amaituko dutela agintaldia esan zuten. Izan ere, lau urtetan burututako prozesuak ez daukala baliorik ebatzi du epaitegiak. “Udaleko langileen balorazio prozesua egiteko zenbait baloreri puntuazio bat jarri behar zaie, eta horiek nahi izan dituzten kriterioaren arabera zehaztu dituzte udal arduradunek”, adierazi zuten koalizio abertzaleko kideek.
Hala, balorazio irizpide horien aurkako errekurtsoa sartu zuten langileek duela hilabete batzuk. Orain dela bi aste, baina, sententzia iritsi zitzaien, eta balore puntu hori ezin zela “horren modu arbitrarioan” egin zehazten zuen.
Langileriako mahaian ere ez dutela ezeren berri eman salatu zuten atzo EH Bilduko ordezkariek. “Lau urtetan langilerian ez da ezer aurreratu. Egin den bakarra, gauzatu ezin den balorazioa da, eta errekurtso baten ondorioz ikusi da ez dela ondo egin. Azpalpena merezi dugu”.