Bizkaiko Taldekako Bertso Txapelketaren azken finalaurrekoa jokatuko dute Errigoitin
'Zahar-alive', 'Akerbeltzen antxumak' eta 'Miotako bidelapurrak' taldeak finalerako txartela eskuratzeko lehian ariko dira.
Bizkaiko Taldekako Bertso Txapelketaren finalaurrekoa Errigoitin jokatuko dute. Hitzordua barikuan jarri dute, 20:00etatik aurrera, eta hiru saiotan banatuko dute finalaurrekoa.
Bertan, Busturialdeko Julen Arzanegik, Onintza Enbeitak, Inazio Gonzalok, Xabier Enbeitak, Alain Cuberok, Xabier Arriagak, Joseba Uribarrik eta Julen Ibarguengoitiak osatzen duten Zahar-alive taldea ariko da lehian, Markina-Xemeingo Akerbeltzen antxumak eta Berriz eta Elorrioko Miotako bidelapurrak taldeekin batera.
Aipatutako hiru saioak Uria tabernan, Eleizalde jatetxean eta Ikuilu alkartean egingo dituzte.
Abadiñorako txartela. Talde bakoitzak saio bi jokatuko ditu etzi, eta puntu gehien batzen dituenak Durango eta Iurretako Tronperrieta eta Abadiñoko Koipelustre’s taldeen aurka lehiatzeko finalerako txartela eskuratuko du. Finala Abadiñon izango da, maiatzaren 25ean, eskolarteko finalekin batera.