'Bermeoko bonoa' kanpaina abiarazi du udalak bigarren aldiz
Bermeotarrek herriko 94 saltokitan erabili ahalko dute bonoa maiatzaren 25era arte.
'Bermeoko bonoa' kanpainaren arduradunak. Argazkia: Bermeoko Udala. Herriko merkataritza sustatu eta tokiko kontsumoa bultzatu asmoz, Bermeoko Udalak Bermeoko Bonoa izeneko kanpaina martxan jarri du.
Kanpaina iaz egin zuten lehen aldiz, eta eskuragai jarri zituzten bono guztiak saltzea lortu zuten. Ekimena “arrakastatsutzat” jo ondoren, herriko dendekin batera hasi dute kanpaina bigarrenez.
Udalak jakitera eman duenez, aurton ere 3.500 bono atera dituzte. Bono bakoitzaren prezioa 10 eurokoa da, baina duen gastu ahalmena 15 eurokoa da. Bigarren kanpainak berrikuntza bat dakarrela nabarmendu du; erosketa bakoitzeko bezeroek bi bono erabili ditzakete, eta horiek ezin izango dira gehiago metatu. Kanpaina maiatzaren 25ean amaituko da, baina bonoak 24ra arte eskuratu ahalko dira.
Nere Mintegi Behargintzako zuzendaria, Ainhoa Barrena Behargintzako teknikaria eta Bermeoko bonoa kanpainan parte hartzen duten establezimendu batzuen ordezkariak batu dira ekimenaren berri emateko. Mintegiren berbetan, “iaz izandako esperientzia positiboa” kontuan hartuta aurten ere Berton eta Berazel elkarteekin elkarlanean “errepikatzea” erabaki dute.
Hamar langile baino gutxiago dituzten herriko denda guztiek parte hartu ahal izan dute ekimenean; guztira 94 saltokik parte hartu dutela nabarmendu dute. Mota ezberdinetako dendak daude horien artean: ile-apaindegiak, estetika zentroak, arropa eta oinetako dendak, lentzeriak, bitxi dendak, farmaziak (errezeta gabeko produktuak saltzeko), eta baita ere produktu freskoen dendak. Beraien erakusleihoetan kanpainaren logoa jarrita izango dute.
Nola eskuratu. Bonoak BBKko orotariko kutxazainetan eta Internet bidez lortu ahal dira. Kutxabankeko bezeroek ez dute gain kosturik izango, baina gainontzekoek 0,60 euro ordaindu beharko dute bono bakoitzeko. Internetez erositako bonoen kasuan, frogagarri digitalean zein paperezkoan erabili ahal izango dira. Ekimenaren arduradunek zehaztu dutenez, kreditu txartel bakoitzeko lau bono eskuratu ahalko dira gehienez.
“Bermeoko bonoa kanpaina apustu oso garrantzitsua da udalarentzat eta espero dugu, iaz bezala, emaitzak onak izatea”, adierazi du Mintegik. “Helburua tokiko kontsumoaren alde egitea da, horrek gure herriko merkataritza sustatzen duelako eta herriko merkataritzak bizia, garapena, enplegua eta bestelako onurak ematen dizkiolako gure herriari. Erosi Bermeon!”.