18. Idazlan Koadernoen irakurketa saioa egin dute Lizeon
18. Idazlan Koadernoen irakurketa saioa eta sari banaketa ekitaldia egin dute gaur, Lizeo Antzokian. Hain zuzen, Lehen Hezkuntzakoen txanda izan da. Bihar, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak igoko dira antzokiko oholtzara.
18. Idazlan Koadernoen irakurketa saioa eta sari banaketa ekitaldia egin dute gaur, Lizeo Antzokian. Hain zuzen, Lehen Hezkuntzakoen txanda izan da gaurkoan, eta bihar, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak igoko dira antzokiko oholtza gainera. Bihar 11:00etan hasiko da saioa.
Gernika-Lumoko Euskara Zerbitzua eta Hezkuntza Arloaren eskutik, 2002an sortu zuten Idazlan Koadernoak ekimena. Egitasmoaren helburuak ikasleen artean idazmena lantzea eta irakurzaletasuna sustatzea dira. Hala, euskara sendotzea da helburu nagusia.
Marisa Aldamizetxebarria Euskara Zinegotziak esan bezala, liburuekin esperientzia “ikaragarriak” bizi daitezke: “Garraiobideetan milaka telefono mugikor ikusten dira, eta paperezko liburu gutxi. Teknologiaren eskutik gizakiok aurrerabideari eutsi behar diogu, baina ahaztu barik papera, arkatza eta liburua direla esperientzia zoragarriak, bizipenak eta asmakizunak jantzi eta hornitzeko aukera ematen digutenak”.
Lehen Hezkuntzako ikasleen 30 idazlan jaso dituzte; eskuz idatzita, eta marrazkiekin osatuta. DBHko eta Batxillergoko ikasleenak ere beste horrenbeste izan dira, baina, helduentzako formatu batean argitaratuak. Guztira, 60 idazlan jaso dituzte Idazlan Koadernoen 18. edizioan.
Denentzat sariak. Sariez gain, parte hartzaile guztiei udalerriko liburu dendetan gastatzeko bonuak banatuko dizkiete. LHkoentzat 30 euroko bonuak izango dira, eta DBH eta Batxillergokoentzat, ostera, 40 eurokoak.
Udaleko Hezkuntza Arloak eta Euskara Zerbitzuak ikasle guztiak zoriondu dituzte. Esan dutenez, ume eta gaztetxoen gizarteratze prozesua euskaraz garatzeko baldintzak finkatu gura dituzte ekitaldiekin.