Etorkizunera begiratuko duen Busturialde "bizia eta iraunkorra" bultzatzeko konpromisoa hartu du EH Bilduk
Busturialdeko herritarrak eta ingurumena dira EH Bilduren jardun politikoaren zentroa Busturialdean. Eskualdetik eskualderako den proiektuak bultzatuz, Busturialdeko herritarren bizitzak hobetu gura dituzte alkategaiek.
Bermeon, Taraskaren eskultura aurrean batu dira gaur EH Bilduren hautagaiak, Busturialderako dituzten proposamenak aurkeztu asmoz. Eskualdeko 16 herrietako alkategaiak ere aurkeztu dituzte, aurpegi ezagun zein berriak erakutsiz. Idurre Bideguren Bermeoko alkateak eman dio hasiera ekitaldiari.
Aldaketak udaletara eraman gura dituzte koalizio abertzaleko hautagaiek, eta Busturialdetik Busturialderako sortzen diren proiektuak bultzatu gura dituzte.
2011. urtean, ezberdinen arteko batasunetik sortu zela EH Bildu gogorarazi du Bidegurenek, “Euskal Herri justuago bat eraikitzeko asmoz”. Ordutik gaur egunera arte, herri askotan ardurak hartzea tokatu zaiela esan, eta EH Bilduren asmoak ez direla ilusio hutsak izan erakutsi dutela esan du. “Bizikidetza eta normalizazio politikoaren bidean aurrera pauso garrantzitsuak eman ditugu, krisi garaiak gestionatu ditugu, eta gure lehentasunak argi izan ditugu beti. Kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzearen alde egin dugu”, esan du Bermeoko alkateak, uraren kudeaketan eta Bermeoko zaharren egoitzan egindako lanak aitatuz.
Jose Ramon Bilbao: “Busturialdekoak gara, eta gure helburua busturialdeko herritarren bizitza hobetzea da”
Beste garapen eredu baterantz joan behar dela diote EH Bilduko hautagaiek. Gauzak egiteko estilo eta modu desberdinak marrazten hasi direla esan, eta norabide horretan lanean jarraituko dutela aitortu dute: “Olatu hau ez da geldituko, indartsu gaude”. Hala, ekonomia zirkularrean egindako proiektuak bideratu dituztela adierazi du Bidegurenek, bai eta burujabetza alimentarioa bilatzeko ekimenan sustatu dituztela ere. Egindako lan horiekin esperientzia “handia” lortu dutela diote, eta elkarlanean lan egitea posiblea dela erakutsi dutela uste dute.
Bidegurenen esanetan, erakunde zein politikagintzan esperientziadun pertsonak batzen ditu Busturialdeko EH Bilduk, baita esperientzia gutxiagokoak ere: “Lan egiteko moduan ilusioa dagoela eta herri hau eraldatzeko gogoa eta ilusioa dagoela erakusten du horrek. Arnas berriak lortu izanak EH Bildu indartsuago bat daukagula erakusten du”.
Hala, eskualdean erantzukizunez lan egingo duten taldea osatu dutela aitortu du: “Gure herriko kultura eta hizkuntza zaindu eta datozenari erakutsi nahi diegu. Erantzukizunez lan egiteko prest gauden pertsonak gara”.
Aurrera begira. Busturialdeko EH Bilduren asmo nagusia eskualdea “hobetzea” dela adierazi du Iratxe Arriolak –Eako alkatea, alkategaia eta Batzar Nagusietako hautagaia da–. “Eskualderako proiektua daukagu, eta eskualdea hobetzea da gure helburua, ekonomikoki, kulturalki eta ekologikoki. Bere osotasunean”, esan du Arriolak.
Iratxe Arriola: “Eskualde bizia nahi dugu, etorkizunera begira dagoena, iraunkorra izango dena, eta eskubideen alde egingo duena”
Busturialdeko herritarrak eta ingurumena dira koalizio abertzalearen jardun politikoaren zentroa Busturialdean, “bertan kokatzen dira lehentasunak”. Ez dute “edonolako” eskualdea nahi, eskualde bizia baino. Horretarako, bertotik eta bertorako politikak bultzatzeko konpromisoa hartu dute: “Eskualde bizia nahi dugu. Eskualde justua nahi dugu, pertsonak erdigunean dituena. Beharrezko baliabide eta zerbitzuak dituena, etorkizunera begira dagoena, iraunkorra izango dena, eta eskubideen alde egingo duena. Guzti horren alde egiteko konpromisoa hartzen dugu”.
Pertsona guztiei oinarrizko zaintza ziurtatzeko lan egingo dutela adierazi du Arriolak, eta erreabilitazio ekonomikoari hauspoa emateaz arduratuko direla aitatu du.
Egindakoak gogoratzeko, azken urteetan bultzatutako bi proiektu aipatu ditu. Eskualdeko saneamendu lanak egiteko, eta ingurumenari eta hondartzei egiten zaien kaltea hobetzeko 45 milio euro lortu zituztela gogora ekarri du. Baita Gernikako Ospitalean oheak eta zerbitzu gehiago jartzeko lege proposamena onartzea lortu dutela.
Busturialderako proiektua. Bittor Asteinza Bermeoko alkategaiak eskualdeko EH Bilduren konpromisoa berretsi, eta gakoa talde lana dela esan du: “Danon indarrak batu eta presioa egin behar dugu. Herrietatik lan egin daitekeela erakutsi dugu, baina eskualdean ere talde lanagaz, lan polita egin dezakegula erakutsiko dugu”.
Jose Ramon Bilbao Buli da Gernika-Lumoko alkategaia, eta Busturialdeko eskualdearekiko EH Bilduko gizon eta emakumeek duten konpromisoa azpimarratu gura izan du: “Ez gaude Bilbora begira, ez ditugu bestelako interesak. Busturialdekoak gara, eta gure helburua busturialdeko herritarren bizitza hobetzea da. Gure proiektua Busturialdetik jaiotzen da eta Busturialderako da”.
EH Bilduren Busturialdeko alkategaiak: 
Ajangiz: Koldo Carbonel.
Arratzu: Begoña Aratosa.
Bermeo: Bittor Asteinza Blanco.
Busturia: Mari Ascen Larrabaster.
Ea: Iratxe Arriola
Elantxobe: Patxi Egurrola.
Errigoiti: Aintzane Arrien.
Forua: Gema Zabala.
Gautegiz Arteaga: Jasone Basterretxea.
Gernika-Lumo: Jose Ramon Bilbao.
Kortezubi: Lander Ortiz
Mendata: Imanol Erleaga.
Morga: Alazne Abrisketa.
Mundaka: Jose Javier Aragues de Orue.
Muxika: Begoña Enbeita.
Nabarniz: Jose Antonio Maruri.