Unai Rementeria: "Gaztelugatxeko San Juan zaindu, hobetu eta sustatu egingo dugu"
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Gernika-Lumoko Batzarretxea bisitatu du, eta hurrengo belaunaldientzat Bizkaia hobe bat uzteko lan egingo duela aitatu du.
Bakearen, askatasunaren eta giza eskubideen sinboloa den Gernikako Arbolaren aurrean aurkeztu ditu EAJk Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautagaiak. Gaur goizean izan da ekitaldia, eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta EAJren berrautaketarako hautagaiak alderdiak dituen proposamenak ezagutarazi ditu.
Alderdi jeltzaleak urte luzez Bizkaian emandako aurrera pausoak gogoratu, eta hurrengo belaunaldientzat hobeagoa den Bizkaia eraiki gura du. “Ez dugu Bizkaia aldatu nahi, Bizkaia hobetu gura dugu. Harro nago garenagaz. Bizkaiak izugarrizko kostaldea dauka, baita ibaia ere. Bizkaia berdea ere bada. Hori gara, eta hori izango da lurraldearen etorkizuna”, azaldu du Unai Rementeriak.
Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren berbetan, etorkizunari begirako aurrera pausoak emateko guztiak “ezinbestekoak” diren programa politikoa prestatu dute: “Guztiongan pentsatutako proiektuak ditugu esku artean. Aurrera pausoak emateko proiektuak ditugu”.
Muskizetik Ondarroara arteko kostaldea zaindu eta sustatu egin gura dituzte. Hala, Bizkaiko kostalderako alderdi jeltzaileak dituen proposamenak aurkeztu ditu Rementeriak: “Izugarrizko kostaldea du Bizkaiak, eta badakigu altxor hori zaindu eta sustatu egin behar dugula”. Bizkaiko kostaldeko altxor bezala deskribatu du Gaztelugatxe, eta altxor hori sustatzearen garrantziaz hitz egin du: “Kostaldean erdigune bat daukagu, milaka eta milaka bisitari erakartzen dituen Gaztelugatxeko San Juan. Hori zaindu, hobetu eta sustatu egingo dugu”. Halaber, inguru horretako irisgarritasuna ere hobetuko dutela esan du Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, “bereziki garraio publikoari dagokionean”.
Bakiotik Bermeora arteko ibilbideaz ere gogoratu da Rementeria. Horrek, Bakio, San Juan, Matxitxako eta Bermeo batuko dituela esan du. “Itsas ondoko ibilgune ederra izango da”.
Bermeoko portua indartzeko asmoa ere badu alderdi jeltzaleak, eta Sollubeko tunelaren beharra ere azpimarratu du Rementeriak: “Sollubeko tunelak posible egiteko Espainiako Gobernuari exijituko diogu Europako Gizarte Funtsari presioa egiteko. Azkenera arte eramango dugun kontua da”.
Eskualdean, gainera, trena, Bizkaibusa eta bizikleta batzen dituen proiektu pilotua bultzatuko dute.
Lea-Artibai eskualdeko irisgarritasuna hobetzea ere bada alderdi jeltzalearen asmoetako bat, eta Bilboko portua, berriz, lurraldeko ekonomia sustatzeko leku bihurtu gura dute.
Langabezia gutxitu. EAJk Gobernu proposamenen %96 bete dituela adierazi du Rementeriak, baina badaki oraindik asko dagoela egiteko: “Bizkaia badabil. Funtzionatu egiten du, eta ez da zertan ukitu behar. Lortutakoagaz, baina, konformatzen gara? Ez. Hobetu egin behar dugu? Bai. Hobetuko dugu? Seguru baietz”.
Horretarako, langabezia tasa jaistea eta lanbide egonkorrak bultzatzea “beharrezkoak” dira: “Duela lau urte baino 30.000 langabetu gutxiago ditugu orain. Oso kopuru garrantzitsua da, baina ez gaude konforme. Langabezia tasa gehiago jaitsi behar dugu, eta lanbide egonkorrak igo egin behar ditugu bai edo bai”.
Bizkaia osoa zeharkatuz. Bizkaiko lau barrutiak batu ditu gaur EAJk, eta lehenengoa izan da Busturia-Uribe. Gero, Durango-Arratiara joan dira hautagaiak, eta Enkarterrietatik igaro ostean, Bilbon bukatu dute.
Ibilbidea Bizkaia herri txiki zein handiek osatzen dutelako egin dutela aitatu du Ahaldun Nagusiak: “Ni Bizkaia osoarekin nago, Bizkaia osoarentzat lan egiten dut, eta guztiontzako proiektuak ditugu. Horregatik, Bizkaiko alde bakoitzera joan nahi izan dut gaurkoan. Keinu bat da, gure konpromesua azaltzen duen keinua”.
Hala, Gernikako Arbolaren ondoan, hurrengo belaunaldentzako Bizkaia hobe bat eraikitzeko konpromisoa hartu du: “Hemen, lur sakratu honetan, nire eskuetan dagoen guztia emateko konpromesua hartzen dot: lan eginez, normaltasunez, humiltasunez eta inolako istilu barik. Ondoan daukadan talde potente honegaz egingo dut lan”.