Mario Lopez: "Lehen mailako bost denboraldietatik onena izan da aurtengoa"
Europan, ligan eta kopan emaitza «bikainak» lortu ditu Lointek Gernika Bizkaiak. Guztira 18 garaipen eskuratu ditu, eta hurrengo denboraldian egindakoa hobetzen saiatuko direla dio Lopezek.
Bikain hasi zuen 2018-2019 denboraldia Lointek Gernika Bizkaiak, eta garaipenen errekorra eginda amaitu zuen. Pozik dago Mario Lopez (Gernika-Lumo, 1967) Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzailea, eta denboraldiaren balorazio “oso positiboa” egin du.
Zelan definituko zenuke taldeak aurtengo denboraldian egin duen lana?
Dudarik barik, Emakumezkoen Ligan daramatzagun bost denboraldietatik onena izan da aurtengoa. Garaipenen errekorra egitea lortu dugu, eta laugarren postuan geratu gara liga erregularrean. Azkenean, bosgarren postura jaitsi gara, play off-etako lehenengo kanporaketa galduta. Gainera, Eurocupean iazko denboraldian baino emaitza hobeagoak lortu ditugu, kanporaketa bat gehiago jokatzera heldu ginen. Erregina Kopan ere lan ona egin genuen, finalaurrekoetan txapeldunaren aurka, Perfumerias Avenidaren kontra, galduta. Hala, oso pozik egoteko emaitzak lortu ditugu aurtengo ibilbidean. Egia da Valentziaren aurka etxean jokatu eta galdutako azken partiduak denboraldi amaierarako zapore gazi goxoa utzi zigula. Taldeak ez zuen norgehiagoka hori lehiatu. Hala ere, denboraldi osoa aztertuta, taldearentzako urte oso positiboa izan da.
Valentziaren aurka hirugarren partidua jokatuz galdu zenuten play off-etako kanporaketa.
Ez nago oso pozik play off-etan jokatutako hirugarren partiduagaz. Lehenengo norgehiagoka xehetasunetan erabaki zen. Bederatzi puntu goitik ginen, baina azken bizpahiru minutuetan ez genuen asmatu. Bigarren partidua etxetik kanpo jokatu genuen, eta denboraldiko partidurik onenetariko bat izan zen. Kanporaketa Gernikan erabaki zen azkenean. Hirugarrenean, baina, kanpoko jaurtiketetan ez genuen ezertxo ere asmatu, eta horrek asko baldintzatu zuen partiduaren nondik norakoa. Hiruko hiru jaurtiketetatik bat ere ez genuen sartu lehenengo zatian, eta horrelako datuekin valentziarren aurka lehiatzea oso zaila da.
Hala eta guztiz ere, play off-etako lehenengo garaipena eskuratu duzue aurten, aurrekoetan ez bezala.
Denboraldi erdi inguruan Blake Dietrickek eta Jazmon Gwathmeyk taldea utzi zutenetik jokatutako partidarik onena izan zen. Etxetik kanpo lan ona egitea lortu genuen. Gironaren aurkako garaipenagaz ere geratzen naiz, bai eta ere Perfumerias Avenidaren aurkako norgehiagokagaz.
“Hurrengo denboraldian aurten lortutakoa hobetzea da taldearen asmoa”
Joan-etorri garrantzitsuak izan dituzue denboraldian. Aldaketek asko baldintzatu dute taldearen denboraldi amaiera?
Etxean jokatu genituen azken hiru partiduak –Valencia Basket eta IDK Gipuzkoa– galdu genituen, ez genuen etxean jokatzea aprobetxatu, eta, ondorioz, liga erregularrean lortutako hirugarren postutik laugarrenera jaitsi ginen. Aldaketa garrantzitsuak izan ditugu, eta taldearen nondik norakoa baldintzatu dute. Blake Dietrick eta Jazmon Gwathmey taldeko jokalaririk onenak ziren, eta balorazio onenak eskuratzen zituzten ia astebururo. Taldea uzteak gure jokoan eragin zuen. Izan ere, denboraldiaurrean egindako lana eta lortutako sendotasuna galdu genituen. Rachel Banhamen eta Courtney Williamsen fitxaketek ez ziguten eman Dietrick eta Gwathmeyegaz lortzen genuen irmotasuna; batez ere defentsan.
Ligan hasiera bikaina. Bederatzi garaipen jarraian eskuratu zenituzten.
Datu horiek ez dira horren esanguratsuak. Perfumerias Avenidaren eta Gironaren aurka noiz jokatzen denaren araberako datuak dira. Baina hamar jardunalditan lidergoan egon izanagaz geratzen naiz. Hasiera bikaina izan zen. Europan ere, Galatasarayren aurkako garaipena eskuratu genuen etxean, baita Gyor eta Namurren kontrakoak ere. Ligako zati bikaina izan zen.
Erregina Kopan ere, lan ona egin zenuten.
IDK Gipuzkoaren aurka irabaztea lortu eta Perfumerias Avenidaren aurka galdu genuen. Oso ondo jokatu genuen lehiaketa izan zen Gasteizkoa. Erraz irabazi genuen gipuzkoarren aurka, baina Salamancakoen aurka jokatzea zer den eta zer dakarren badakigu. Lehen laurden polita jokatu genuen arren, bigarrenean markagailuan urrundu ziren, eta 10 puntuko aldea berreskuratzea ez zen erraza izan. Hala eta guztiz ere, oso pozik nago egindako lanagaz.
Liga, Europa, play off-ak eta Erregina Kopa. Partidu asko jokatu dituzue.
Ligan 26 eta 3 play off-etan. Erregina Kopan bi partidu, eta Europan, berriz, 10. Guztira sei hilabetean 41 partida jokatu ditugu. Taldeak hasieran sendo eutsi zion lehiari, baina nekea denboraldi bukaerako emaitzetan nabaritu zen.
Hurrengo urtera begira, zein erronka finkatu dituzue?
Emakumezkoen Ligan daramatzagun bost urteetan aurrerapauso txikiak ematen joan gara urtez urte, eta beti hobetu dugu aurreko denboraldian egindakoa. Liga erregularrean hirugarren postua ere eskuratu dugu inoiz, eta aurten laugarren geratu gara. Gero eta presentzia handiagoa daukagu lehiaketetan, eta kontuan hartzeko taldea bihurtu gara. Horrela, asmoa jakina da: hurrengo denboraldian aurten egindakoa hobetzea. Ligako talderik onenen mailara heldu gabe eurekin lehiatu dugu aurten, eta joera horregaz jarraitu behar dugu. Hala, taldeak eta taldekideek salto bat gehiago ematea gustatuko litzaidake: dela garaipen gehiago eskuratuta edota sentsazio hobeagoekin jokatuta. Goi mailan lehiatzen jarraitu behar dugu, ligan gure lekua izateko borrokatzen jarraitu behar dugu eta Europan eta Erregina Kopan presentzia handiagoa izan behar dugu. Hau da, zeresana ematen jarraitu behar dugula uste dut.
“Jokalari aldaketa garrantzitsuak izan ditugu, eta taldea baldintzatu dute”
Guztira 18 garaipen eskuratu dituzue aurten. Hori errepikatzea ez da gauza erraza izango.
Lortutakoa errepikatzea ez da lan erraza izango. 18 garaipen eskuratzea lorpen handia da. Ez dakit hori gaindituko dugun, baina erronka hobetzeko prestatu, eta aurre egiten saiatuko gara. Hala eta guztiz ere, kontuan hartu beharko ditugu aurten bigarren mailatik igo diren bi taldeak: Clarinos eta Promete. Ekonomikoki ondo dauden taldeak dira, eta zeresana emango dute. Denboraldia zerotik hasiko da, eta ilusioz betetako proiektu berriagaz bueltatuko gara.
Denboraldiak igaro ahala, Malostek betetzen jarraitzen du.
Gero eta jende gehiago animatzen da saskibaloia eta emakumezkoen kirola ikustera. Malostek egun ikaragarriak hartu ditu aurten. Besteren artean, aipatzekoak dira Galatasarayren, Namurren, Valentziaren, Perfumerias Avenidaren eta Gironaren aurkako partiduak. Maloste txiki geratzen ari zaigu, baina etxera gero eta jende gehiago erakartzen jarraitu behar dugu, ilusioz bete gura ditugu jarraitzaileak. Udalerriko jendearengara hurbildu gura dugu, baita Bizkaikora ere. Horrek gure proiektuari ikusgarritasuna emango dio.