Laga eszenatoki bihurtuko da astelehenean
'Akelarre' pelikularen grabazioak egingo dituzte hondartzan, astelehen eta martitzenean
Ibarrangeluko Laga hondartza eszenatoki bihurtuko da astelehenean, maiatzaren 6an. Izan ere, Pablo Agüero argentinarrak zuzenduko duen Akelarre luzemetraiaren grabazioari hondartza horretan emango diote hasiera. Astelehenean eta martitzenean egingo dituzte grabazioak.
Sorgin films ekoiztetxeak herritarrak jakinaren gainean ipini gura izan ditu, eta Lagako aparkaleku handia erreserbatuta dutenez, ekialderako sarbideak itxita egongo direla ohartarazi.
XVII. mendera jauzia egingo dute pelikularen protagonistek, eta Inkisizioak euskal emakumeen aurka burutu zuen jazarpena izango da istorioaren ardatza. 1609. urtean, Amaia izeneko 20 urteko neska gazte bat atxilotuko du Inkisizioak, gauean, festa batetik etxera bueltan doala. Sorginkerietan aritzea leporatuko diote.
Aktore euskaldunak. Euskal Herriko sei neska gazte izango dira Akelarre luzemetraiaren protagonistak, jatorri katalana eta alemaniarra duen Alex Brendemül-ekin eta Amaia Aberasturi euskal aktorearekin batera.
Laga ez ezik, Euskal Herriko beste txoko batzuk ere izango dira film honetako eszenario: Itziar, Sara edo Lesaka, esate baterako.