Herrien eta giza eskubideen alde egiteko besarkaduko dira domekan, Durangon
Bizitza eta giza eskubideak ardatz hartu, eta duintasunez bizi eta migratzeko eskubidea aldarrikatuko dute domekan, Durangon. Bertan egongo dira eskualdeko herritarrak.
Herrien, pertsonen eta giza eskubideen alde egiteko besarkatuko dira Euskal Herriko herritarrak, domekan 12:00etan, Durangon. Bertan egongo dira Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldekoak, eta Durangora joateko deia egin diete eskualdeko herritarrei; Ean, Durangora joateko hitzordua 10:30ean jarritu dute herriko plazan.
Bizitza eta giza eskubideak ardatz hartu, eta duintasunez bizi eta migratzeko eskubidea aldarrikatzen du domekan burutuko duten Europa mailako ekintzak. Izan ere, Europako hauteskundeetan gailentzen ari den postfaxismoari aurre egiteko antolatu dute Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz Karabana taldeek Durangoko ekimena.
“Europar kontinentean eskuin muturra indarra hartzen ari da, eta horren aurka egin gura dugu; neofaxismoaren kontra”, diote arduradunek. Egoera horien aurrean, gizatasunaren eta migratzaileen alde egingo dute beraz, bai eta errefuxiatuei Europan harrera egitearen alde ere. Izan ere, euren berbetan, ezinbestekoa da “bazterkeriazko eta gaitzespenezko politika instituziolanari” aurre egitea: “Denok izan gara migratzaileak. Gure arbasoek migrazioen, erbestaren eta berdintasun ezaren mina eta miseria jasan zituzten”. Hala, egoera hori pairatzen duten pertsonenganako elkartasuna adieraziko dute eskualdeko hainbat herritar zein errefuxiatuk.
Arduradunek esan bezala, migratzaile eta errefuxiatuak Europara hurbiltzea “oso positiboa” da: “Aberastu egiten dituzte gizarteak, gure bizimoduak eta besteenganako ditugun jokabideak. Indartu egiten dute desberdinen arteko bizikidetza eta bultzada ematen diete elkartasun eta berdintasun prozesuei”.
Hitzaldia Eskolondon. Ongi Etorri Errefuxiatuak Busturialdeak eta Harrera Eskualdeak elkarlanean antolatuta, Afrofeminismoaren borrokari eta feminismo beltzari buruzko hitzaldia emango dute etzi 12:00etan, Eako Eskolondon.