Estalitako jolas gune berriaren lanak hasi ditu Bermeoko Udalak
Obrak udarako bukatuta egotea aurreikusten du udalak.
Umeentzako jolasgune estalia izan zen Bermeoko herritarrek aurrekontu parte hartzaileen prozesuaren barnean aukeratu zuten proiektua 2017. urtearen bukaeran.
Atzerapenak jasan ostean, Bermeotarren eskaerari erantzuna emateko asmoz proiektua martxan jartzeko lanak hasi dituzte Erreten Lameran. Proiektuak 353.503,42 euroko aurrekontua du, eta lanak udan bukatzea aurreikusi du Bermeoko Udalak. Horrela, umeek jolastu ahal izateko 300 m2 inguruko estalitako gunea izango dute, “egun euritsuetan eta eguzkia dagoenean ere” bertan jolastu ahal izateko.
“Gune atsegina osatuko da ume zein nagusientzat, umeak jolasteko eta imajinazioa lantzeko jolasgune orijinal berria izango dute Bermeon, gainera eguraldi txarrarekin ere erabiltzeko aukera eskainiko duena”, azaldu du udalak. Eskaintza berriagaz, Erreten “egoera txarrean” aurkitzen den jolas gune zaharra ordezkatuko dute.
Umeentzako jolas zirkuitua. Jolas gune berria “naturan integratutakoa” izango da. Bertan hainbat elementuz osatutako jolasteko zirkuitua sortuko dute. Horrela, zuhaitzean etxetxoa, txirristak, taldekako zabuak, sareak edota zubiak ezarriko dituztela azaldu du udalak. Elementu horiek herriko ume eta nagusiekin elkarlanean egindako parte hartze prozesuan proposatutako baldintzen emaitzak direla adierazi du.
Modu horretara, jolas zirkuitua aterpe gunetik kanpo dagoen zuhaitzean jarriko den etxetxo batean hasiko da, hortik aterpe gunera joanez. Bertan umeek jolas zirkuitua jarraitu eta jolas ezberdinekin gozatu ahal izango dute, “beti ere imajinazioa landuz”. Zuhaitzeko etxetxoa ere umeek parte hartzeko prozesuan eskatutakoa da.
Kalitate handiko gunea. Udalak nabarmendu duenez, aipatutako elementuak robinia egurragaz egindakoak dira. Horrekin kalitate handiko jolas gunea sortuko dute eta aldi berean itxura natural bat eskainiko diote, inguru berdean era egokienean barneratzeko. Ez hori bakarrik, Bermeok itsasoagaz eta naturagaz duen harremana islatzeko elementuak ere ezarriko dituztela azaldu dute, “modu orijinal batean”.
Jolas gunearen elementu garrantzitsuenetakoa, estalkia, metalezko zutoinez eutsita egongo da. Habeak, bestalde, olazkoak izango dira. Gainera, aterpean esertzeko aulkiak jarriko dituzte.
“Proiektu honetan atzerapenak egon dira, izan ere, diseinuak ez zuen herritarrek parte hartze prozesuan adierazitakoa islatzen eta kontratazioa egiterako orduan arazoak egon dira, baina, guretzako lehentasuna izan da herritarren ekarpenak kontuan hartzea eta lortu dugu”, nabarmendu du udalak.