23. Hegaluze Sarirako proposamenak aurkezteko epea ireki dute
Herritarrek maiatzaren 5era arte aurkeztu ahalko dituzte sarituen proposamenak.
Bermeoko Arrain Azokaren Hegaluze Sariak ekintza puntual edo jarraipen profesional bat saritzen du, Bermeoren izena zabaldu eta goratu duenari edo herriaren alde lan egin duenari. Itsuki irratiak Arrain Azoka Elkarteagaz batera antolatzen duen saria banatuko duten 23. aldia izango da aurten.
Hala, maiatzaren 5era arte 23. Hegaluze sarirako proposamenak aurkezteko epea irekita egongo dela jakinarazi dute. Saria pertsona, erakunde, elkarte, entitate edota proiektu bati ematen diote, eta proposamenen artean arlo guztietako ekintza motak aurkeztu ahal dituzte herritarrek: kirola, enpresa, kultura, gizartea edota ekonomia arlokoak, esaterako.
Hainbat bide. Proposamenak aurkeztu nahi dituztenek orri baten aukeratuaren datuak idatzi eta zergatik aukeratu duten azaldu behar dute. Orriak entregatzeko hainbat bide egongo direla azaldu dute antolatzaileek. Itsuki Irratiko egoitzara postaz bidali ahalko dute, ‘Hegaluze saria’, 120 p.k.- 48370 Bermeo helbidera, baita Bermeoko Udal Turismo Bulegoan aurkeztu ere. Posta elektronikoz ere aurkeztu ahalko dituzte, hegaluze@itsuki-irratia.net edota turismoa@bermeo.eus helbide elektronikoetara idatzita.
Joan den urtean Bermeoko atunontzi izozkailuen enpresek jaso zuten Hegaluze saria. 2017an, berriz, Eleizalde Ikastola izan zen saritua. Bermeoko Arrain Azoka elkarteak herritarrei euren proposamenak bidaltzera animatu die, “guztion artean Arrain azoka egiteko”.
Aurten 25. urteurrena beteko du Bermeoko Arrain Azokak. Bermeoko “produktu eta kulturaren erakusleiho aparta” izango den ekimena maiatzaren 17an, 18an eta 19an egingo dute.