«Gaur egun nola legoke herri hau gure lana kolpatua izan ez balitz?»
Irailean hasita, presoen eskubiden alde lan egin duten 47 lagun epaituko dituzte; erakunde armatuko kide izatea leporatzen diete, ETA desegin osteko jarduna oinarri hartuta.
«Egia da astakeri bat dela, eta ez diogu garrantzirik kentzen, baina ez gaitu sorpresaz hartu». Presoen eskubideen aldeko lana egin duten 47 euskal herritar epaituko dituzte «ETAren espetxe frontea» osatzea egotzita. Ibarrangelurekin lotura duen Haizea Ziluaga abokatua (Bilbo , 1979), Kepa Mantzizidor abokatua (Mundaka, 1966) eta Gernika-Lumon bizi eta Herriran lan egin duen den Ibon Meñika (Zamudio, 1977) dira epaituko dituzten hiru. Espainiako Auzitegi Nazionalaren autoak gizartea ohartarzi duen arren, auzipetuek diote epaiketa noiz hasiko zain zeudela: «Ia bi urte daramatzaguz zain. Istrukzioa bukatuta eta defentsa idazkiak aurkeztuta, horren zain geunden».
47 auzipetu, eta guztira 601 urteko zigor eskaera da Fiskaltzak egin duena. Publiko egin den momentuan inpaktu bat sortu den arren, auzipetuen bizimoduan azken urteetan konstante bat izan dela gogorarazi dute: «Auzipetuek eta gure inguru hurbilenak hau bizi dugu aspalditik. 2019ko irailean epaituko gaituzte, baina 2013ko irailean hasi zen auzia. Geroztik, handitzen joan da makrosumarioa, jende gehiago atxilotuz eta lan gehiago erreprimituz. Beraz, guretzako urte hauetako konstante bat izan da, modu ezberdinetan bizi izan duguna, eta momentu hoenetan kristalizatu egin da, azalerazi, publiko egin eta data baten arabera kokatu. Hori izan da gure errealitatea».
Talde terroristako kide izateagatik epaituko dituzte, eta auzipetuek erralitate «anakronikoa» bizi dutela diote. «Makroepaiketa hau testuinguru bati lotuta dago, eta badirudi testuinguru hori eman izan ez balitz bezala kokatu dutela. 2013an izan ziren lehenengo atxiloketak, 2014 eta 2015 bitartean luzatu zirenak. Bi urte horietan, eta aurretikoetan, Euskal Herrian beste egoera bat bizi genuen jada. Gaur egun, 2019an gaude eta leporatzen digutena da talde terroristako kide izatea, ETAko kide izatea, ETA dagoeneko esistitzen ez denean. Errealitate anakroniko hori da gaur egun bizi dugun egoera», aipatu du Meñikak.
Mantzizidorrek ere gauza bera nabarmendu du: «2011tik aurrerako gure jarduera da epaituko dutena, eta ETAk sasoi horretarako jada ez du indarkeriarik erabiltzen. Talde bat armatua dela esateko ezinbestekoa da biolentzia erabiltzea; hori da legeak eta jurisprudentziak esaten dutena. Beraz, talde terroristako partaide izateko, talde horrek biolentzia erabili behar du. Baina ez dago biolentziarik. Beraz, zer da guri leporatzen digutena?». Egoera «kafkianoa» dela esan du Ziluagak: «Guri leporatzea ETAko kideak izatea justu ETAk borroka armatua etenda duen garai horretan, kafkianoa da».
Laguntza erreprimitu.
Espainiar estatua «mendeku parametroetan» dagoela uste du Ziluagak, «irabazle eta galtzaileen parametroetan kokatzen dute gatazkaren konponbidea, mendeku parametroetan daude eta disidentzia guztia zigortzeari begira. Hor kokatzen da Altsasukoekin egin dutena, katalanekin egin dutena… Eta gure kasuan berdin. Guk, justu, kontrako norabidea nahi dugu, konponbidearen bidea, etorkizunari begira, eta horretan ari gara lanean».
Diotenez, presoen eskubideen aldeko lana epaituko dute irailean hasita. Meñikak aipatu du publikoki egiten zuten lana erreprimitu gura dutela: «Zer da benetan kriminalizatu nahi dutena? Ba Haizeak edo Kepak ematen duten asistentzia juridikoa. Baina baita presoei osasun asistentzia bat bermatzeko lana, edo Etxerateko kide izateagatik senideek pairatzen duten urraketa sistematikoari aurre egiteko laguntza ematea». Jopuntuan dagoen horrek egoera kezkagarria areagotzea dakarrela diote: «2019an oraindik, zoritxarrez, preso politikoak eta iheslariak esistitzen dira, kronikoaak diren gaixoen egoerak okerrera egin du, eta hurbil dugu adibidea: Kepa Arronategi. Arronategiren osasun asistentzia da epaituko dutena, neurri batean. Horri buruz ari gara».
Gizartea artikulatu.
Euskal Herrian «drama» oraindik egon badagoela nabarmendu du Ziluagak. «Kepa Arronategiren kasua aipatu dugun bezala, 253 preso ditugu ehunka eta milaka kilometrotara, lehenengo graduan, eta salbuespeneko legedi bat aplikazten zaie. Behintzat gure epaiketak balio badu errealitatea ikusarazteko eta gaur egun Euskal Herrian dugun drama hori konponbide bidean jartzeko, ba zerbait izango da».
Prozesu luzea izango da, Meñikaren ustez, baina auzi hau gizartea artikulatzeko baliatu nahi dute. «Fase historiko bat bizi izan dugu herri honetan, eta fase historiko horren ondorioak oraindik ere amaitu gabe egoteak ekartzen duena da bake eszenario iraunkor eta justu batean oinarritutako zerbait sortzeko oraindik orain lan egin behar dugula». Saiakera bat egitea ezinbestekoa dela uste dute, «behintzat pedagogia lan hori egitea, sektore horiek aktibatze aldera. Hau da, perzepzio sozial hori bulkatzea, beste urrats bat emate aldera».
Auzipetuek garrantzia berezia ematen diote gizartearen kontzientziazio lanari, «arriskua dugulako horrelako anakronismoak eta astakeriak gure bizitzan uneoro egon daitezen». ETA desegin zela gogoratu dute, baina oraindik konpondu beharreko aspektu asko daudela diote, preso eta iheslarien afera, kasurako.
Konponbidea baldintzatu.
Oztopoak agerikoak direla nabarmendu gura izan dute auzipetuek. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) bide judiziala jarraitzearen erabakia hartu zuen, baina asistentzia juridiko hori bermatuko dieten abokatuak atxilotu eta prozesatu dituzte. Horregatik, iritzi publikoari bideratutako galdera luzatu dute: «2019ko apirilean, nola legoke herri hau baldin eta egin beharreko lana erreprimitua eta kolpatua izan ez balitz? Gaur egungo eszenarioari begira, konponbideari begira, hobeto biziko ginateke? Agian bai, eta esango nuke ia objetiboa dela afirmazio hori egitea», zehaztu du Meñikak.
Mantzizidorren ustez, baina, auzia hasi zutenean Meñikak egindako aurreikuspen hori baldintzatzea zuten helburu, «zabaltzen ari zen eszenario berri hori baldintzatzea, okerrerako. Eta, hein batean lortu zuten, Ibonek esan bezala, konponbidearen aukera egin izan balute gaur egun hobeto biziko ginatekeelako».
Irailaren 16an hasiko da 47 euskal herritarren kontrako epaiketa, Madrilen, eta oinarri juridikorik duen fiskalari galdetu beharreko kontua dela uste du Mantzizidorrek: «Guk epaiketetan beti esan izan dugu gu liburu batzurekin, kode penal batekin gabiltzala, publikatuta dauden eta jurisprudentzia agertzen den horiekin; baina eurek besteren bat darabilela, guk inoiz ikusi ez duguna, eta horren arabera egiten dituztela akusazioak, epaiketak, sententziak. Kasu honetan berdin».
Hala ere, sententzia idatzita dagoenik ez dute uste. Esperientzia akumulatu gehiegizkoa duten arren, abokatuekin eta Euskal Herriarengan konfiantza