Bermeoko Txirritxa kaleko aparkalekuetako lanak bukatutzat eman ditu udalak
Segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko asmoz egin dituzte obrak.
Talako Txirritxa kaleko aparkalekuen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko lanei iazko azaroan hasiera eman ondoren, Bermeoko Udalak obrak bukatutzat eman eta guztira 22 plaza dituzten bi aparkalekuak erabilgarri daudela jakinarazi du.
Egokitze lanak betetzeko aurreikusi zuten sei astebeteko epea gainditu egin dute. Udalak azaldu duenez, “azken proiektuak hasiera batean aurreikusitako proiektuari hobekuntza batzuk gehitu dizkio eta horrek atzerapenak sortu ditu, baina lortutako emaitza hobea izan da”.
Lanekin, bi aparkaleku guneak lotu dituzte bi metroko luzera duen espaloi berri batekin. Horrez gain, eremuko argiteria hobetzeko lanak ere egin dituzte, lau kaleargi berrirekin. Gunearen saneamendu lanak egin dituztela ere azaldu dute, baita barandak berriztatu eta bazterretako lorategia txukundu ere, gunea edertzeko.