Aisialdirako gunean bilakatuko da Bermeoko Nardiz Tar Jon kaleko orubea
Gunea eraberritzeko lanekin hasi ziren joan den astean.
Alde Zaharra biziberritzeko plangintzagaz lanean jarraitzen du Bermeoko Udalak. Talakoetxea edota Bekoportala bezalako guneak sortu ostean, Nardiz Tar Jon kaleko orube hutsa berreskuratzeko lanei hasiera eman dio.
Joan den astean hasi zituzten aipatutako lanak. Horiekin, gunea txukuntzeaz eta edertzeaz gain, adin guztietako pertsonentzako eta bereziki, umeentzako aisialdirako jolas gunea egingo du udalak. Portuaren itxura izango du jolasteko guneak. Txipiroitarako arrantza ontzia, txirrista eta sareak izango dituzte, herriko arrantza nortasuna isladatuz txikienentzako jolastokian.
Jakinarazi duenez, orubearen jabetza pribatua zen arren, “jabeekin akordio batera iritsi” da orubea erabiltzen ez duten bitartean hori eraberritzeko. Lanekin zorua berdindu eta igeltserotza lanak egingo dituzte, egitura berrira egokitzeko.
Gainera zuhaitzak, palmondoak eta landareak ere jarriko dituzte, “Alde Zaharrean gune berdeagoak sortzeko”. Bukatzeko, egurrezko eserlekuak eta harmailak jarriko dituzte orubean, “adin guztietako pertsonak bertan lasai egon ahal izateko”.
Maiatzerako. Lanek hilabete irautea aurreikusi du udalak, eta azpimarratu duenez, horiek egin eta gunea berreskuratzeko Eusko Jaurlaritzaren Hirigune eta Itsaspen programetako eta Kultura saileko diru laguntzak jaso dituzte.
Udalak Alde Zaharreko orube hutsetan egin dituzten lanak gogoratu ditu, esaterako, “Irakaskintza kaleko aterpea, Talako murala eta txiringito berria, EHUko ikasleekin orube hutsetan egindako lanak, azokatxoa, jaialdiak edota plan berezi berria”. Horien jarraipena izango dira Nardiz Tar Jonen egiten hasitako lanak, Alde Zaharra biziberritzeko plangintzaren barnean.