Malosten erabakiko da
Lointek Gernika Bizkaiak play off-etako bigarren partidua irabazi du, Valentzian. Berdinketa hausteko partidua eguaztenean jokatuko dute Malosten.
Malosten erabakiko da finalerdietara zein talde pasatuko den. Lointek Gernika Bizkaiak 54-66 irabazi zion Valencia Basketi, atzo iluntzean. Aurreko asteazkenean, 69-76 nagusitu zen talde valentziarra, Malosten. Beraz, berdinketa hausteko neurketa izango da etzikoa (20:00). Irabazleak Perfumerias Avenidaren kontra lehiatuko du finalaurrekoa. Beste multzoan, Spar Citylift Gironak egin du aurrera, eta Cadi La Seu edo IDK Gipuzkoaren kontra jokatuko du finalerdia (horiek ere hirugarren partidua lehiatu behar dute).
Play off-etan lehen garaipena lortzeko (aurreko urteetan ez du partidurik irabazi play off-etan) gogoz zeudela adierazi du Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaiaren entrenatzaileak, eta eguaztenean garaipena errepikatzea erronka: “Etxetik kanpo hobeto jokatzen ari gara. Valentzian lasaiago jokatu dugu”. Etzi Maloste gainezka egotea espero dute. Garaipena da helburua, baina gogora ekarri du jokalari oso onak dituen talde indartsua dela Valencia Basket, eta partidu “oso zaila” izango dela.
Atzo partidu “itzela” jokatu zutela azpimarratu du Lopezek, ondo hasi eta borobildu zutela. Serio kantxaratu ziren, gogor eta gogotsu. Erasoan ideiak argi zeuzkaten, eta gura zuten jokoa egin ahal izan zuten, erasoan zein defentsan. “Garaipen garrantzitsua da. Valentziaren kanpoko jokalariak geldiarazten saiatu gara”, azaldu zuen partidu amaieran.
Hasieratik amaierara arte nagusi izan zen talde gernikarra, eta markagailuan aurretik amaitu zituen laurden guztiak. Lehen zatian talde lan eredugarria egin zuten; jokaldiak ondo irakurtzen eta aukeratzen erakustaldia eman zuten. 31-39ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira. Hirugarren laurdenean ere egoera ez zen asko aldatu, eta esaterako, zenbait minututan 21 puntuko errenta eduki zuten.
Lopezen berbetan, une batez erasokor izateari eutsi ez arren, jokalarien talentuari eta defentsa lan sendoari esker aldea mantendu zuten. Markagailuan aurretik egonik, azken laurdenean huts egiterik ez egiteko kontu handiz aritu zirela gaineratu du. Errebotearen kontrola, defentsa ona eta posizio egokiak aurkitu eta saskiratzeetan hutsik ez egitea giltzarria izan zirela deritzo Lointeken entrenatzaileak.