Basurdeek ez dute Ohorezko Mailan jarraituko
Gernika RTk 26-20 galdu du Sanitas Alcobendas Rugbyren kontra, Heineken Ligaren azken jardunaldian. 36 puntugaz azken postuan amaitu du denboraldia, eta ondorioz, mailaz jaitsi da.
Mailari eustea izan da basurdeen aurtengo denboraldiko helburua. Gogor borrokatu dute, baina ezinezkoa izan da. Atzo Madrilen lehiatu zuten Heineken Ligaren azken jardunaldia, eta Gernika RTk 26-20 galdu zuen Sanitas Alcobendas Rugbyren kontra. Ondorioz, 36 puntugaz azken postuan amaitu du liga, eta beraz, zuzenean mailaz jaitsita, Ohorezko B mailan jokatuko du hurrengo denboraldian. CR La Villak Ohorezko B Mailako txapeldunordea garaitu beharko du mailari eusteko.
Talde gernikarraren ezaugarrietako bat da kemena, eta atzo ere horrela izan zen. Gainera, markagailuan aurretik hasi zuten partidua. Enoka eta Marr basurdeen entsegu banagaz, 0-10 aurrea hartu zuten. Etxekoek berehala erantzun zuten, eta markagailuan aurretik jarri ziren: 12-10. Hala ere, basurdeek bereari eutsi zioten, eta markagailua irauli zuten (12-15).
Alabaina, etxekoek lau puntuko errentagaz amaitu zuten lehen zatia: 19-15. Bigarren zatia hasi eta minutu gutxira, Alcobendasek beste entsegu bat egin zuen. 62. minutuan Epinal basurdeak entsegua egin zuen.
Bigarren zatian garaipena lortzeko ahalegin betean aritu ziren basurdeak. Erasoan zein defentsan gogor saiatu ziren, eta aurkariak estu hartu zituzten. Halere, ez zen nahikoa izan. Bi bonus puntu (erasokoa eta defentsakoa) eskuratu zituzten, baina, horiek ez zieten jaitsiera saihesteko balio izan.