SD Gernika Club eta SD Mirandes taldeen ereserkiak, Bermeoko Kankinkabara Txistu Taldearen eskutik
SD Gernika Clubek eta SD Mirandesek partidua jokatu du gaur arratsaldean, Urbietan. Bermeoko Kankinkabara Txistu Taldeak bi futbol taldeetako ereserkiak eskaini ditu partidua hasi aurretik.
2.B mailako SD Gernika Club eta SD Mirandesen arteko partiduan (2-1 irabazi du talde gernikarrak) gonbidatu bereziak izan dituzte Urbietan, gaur arratsaldean. Bermeoko Kankinkabara Txistu Taldeko musikariek futbol zelaia hartu dute partiduaren aurretik, eta bi taldeetako ereserkiak eskaini dituzte.
Gregorio Solabarrieta bermeotarrak konposatu zuen Miranda de Ebroko futbol taldearen ereserkia, eta Kankinkabarakoek omenaldia eskaini gura izan diote. Halaber, Teodoro Makazaga gernikarraren Gernika Club taldearen lehenengo ereserkiaren txisturako moldaketa berria ere dotore eskaini dute. Gainera, futbol taldeak ez du ereserkiaren bideorik, eta hori grabatzeko aprobetxatuko dute.
Aipatu futbol taldeetako ordezkari eta zaletuekin batera, bi herrietako udalen ordezkariak batu dira Urbietan.