Eako zenbait kaletan baimendutako ibilgailuak soilik sartu ahalko dira Aste Santuan
Kale Nagusia, Aritza, Altxikar, Kalebarria, Belen eta Jesus kaleetan baimendutako ibilgailuak sartu ahalko dira. Baimena izateko, udaletxean eskatu behar da txartela.
Kale Nagusia, Aritza, Altxikar, Kalebarria, Belen eta Jesus kaleetan, soilik baimendutako ibilgailuak sartu ahalko dira, apirilaren 17tik (eguaztena) apirilaren 28ra (domeka). Aste Santuko oporraldian Eako herrigunean ibilgailuen zirkulazioak sortzen dituen arazoak ekiditeko hartu du neurria Udalak.
Baimena lortzeko udaletxera joan behar da, eta bertan txartela eskatu (eskatzaileek doan eskuratuko dute). Hala, gutxienez hauetako baldintzaren bat betetzea beharrezkoa dela jakitera eman dute: Eako udalerrian erroldatua izatea, ibilgailua udalerrian erroldatuta edukitzea eta zamalanak egin behar izatea. Azken horiek, lanak amaitu ondoren, kaleetatik alde egin beharko dute.
Zehaztu dutenez, ezarritako neurria betearazteko Ertzaintzaren kolaborazioa izango du udalak.