Valentzian irabaztearen erronka
Play off-etako lehenengo partidua galdu du Lointek Gernika Bizkaiak Valencia Basketen kontra Malosten. Domekan garaipena lortuz gero, hirugarren partidua etxean jokatuko luke, apirilaren 17n.
Play off-ak etxean hasita, garaipena lortzea behar-beharrezkoa zen Lointek Gernika Bizkaiarentzat. Baina, ezinezkoa izan da. Gernika-Lumoko taldeak 69-76 galdu zuen Valencia Basket-en kontra bart gauean. Orain, beraz, domekako partidua da giltzarria. Valentzian irabaztea da erronka, horrela, berdinketa Malosten hautsi beharko dute, datorren eguaztenean (apirilak 17). Domekan galduz gero, ostera, denboraldia amaituko du talde gernikarrak.
Garaipena eskuan izan zuen atzo etxeko taldeak. Azken bost minutuetan ihes egin zion partiduak Lointeki. Zortea ez zuten alde izan, eta huts egite gehiago izan zituzten.
Neurketaren lehen zatian etxekoak nagusi izan ziren kantxan; defentsan ondo eta urrutiko jaurtiketetan asmatzen. Partidua kontrolpean izan zuten azken txanpara arte. Lehen laurdena bost puntuko aldeagaz amaitu zuten (22-17), eta ia hamar puntuko aldeagaz ailegatu ziren atsedenaldira (39-30). Bigarren zatian, Maria Pina Lointekeko jokalari ohia buru zutela, valentziarrak aldea murrizten joan ziren apurka-apurka, eta eurak aurretik jartzean, etxekoei eustea falta izan zitzaien. Partidua irekita zegoela sartu ziren azken laurdenera (55-54), eta azken minutuak urduritasunez eta emozioz beterikoak izan ziren.
Naiara Diez kapitainak partiduko balorazioa egin zuen amaieran. Partiduak bi alde desberdin izan zituela adierazi zuen: “Lehenengo zatian ondo ibili gara, gehienbat defentsan, eta baloia mugitu dugu. Baina, hirugarren eta laugarren laurdenean, beraiek oso erraz saskiratu dute, eta gure defentsa ez da hain ona izan. Valentziak talde oso ona dauka; jokalari on asko ditu”. Domekarako gauzak hobetu beharko dituztela gaineratu zuen: “Orain beste gauza bat egin behar dugu Valentzian; irabazi, eta berriro Malostera bueltatu, zaleek merezi dute eta. Ligan han irabazi genuen, eta badakigu zelako giroa egongo den. Lan asko egin beharko dugu, eta gauza asko hobeto han garaipena lortzeko. Horretan saiatuko gara”.
Mario Lopez entrenatzailearen berbetan, valentziarrak suspertu zirenean huts egitea izan zen porrotaren gakoetako bat: “Eurek aldea murriztean, gu erasoan prezipitatu gara. Hirukoetan gu baino hobeak izan dira. Jaurtiketak ondo ez aukeratzean sortutako urduritasunek defentsan ere eragin digute, eta eurek ondo aprobetxatu dute. Aurretik jarri direnean, atzean ez gara sendo egon. Erasoko aukerak ondo kontrolatu dituzte”. Gernika-Lumoko taldean egondako Ana Pina eta Ana Gomez valentziarren jokoak azpimarratu zituen.
Domekan “final bat” daukatela zehaztu zuen Lopezek. 40 minutuetan kontzentratuta eta dena ematen egon beharko dutela gaineratu zuen: “Eurek kalitate asko daukate. Kontzentratuta jokatu behar dugu; talde sendoa izan eta intentsitatea mantendu beharko dugu”.
Erabakigarriak ziren erasoko jokaldietan huts egin izana aipatu zuen Itziar Ariztimuñok. “Azken minutuetan buelta ematen ahalegindu gara, berriro ere partiduan sartzen, baina, erabakigarriak ziren saskiratzeak ez ditugu sartu”. Lehen zatian oso ondo defenditu dutela nabarmendu zuen, eta atzoko porrotak ikasteko balio izatea espero du domekan garaipena eskuratzeko.