Mailari eusteko pauso garrantzitsua eman dute basurdeek
Domeka eguerdian Madrilen lehiatuko dute Heineken Ligaren azken jardunaldia, Sanitas Alcobendas Rugbyren kontra. Atzoko partidua irabazita, azken aurreko postuan jarri dira.
Complutense Cisnerosen kontra partidu borobila egin zuen Gernika RTk, atzo arratsaldean. Urbieta zelaiaren egoera txarraren ondorioz 16. jardunaldian bertan behera geratu zen partidua jokatu zuten eta 30-10 nagusitu zen etxeko taldea.
Garaipenagaz, Ohorezko Mailan jarraitzeko pauso garrantzitsua eman dute basurdeek. Izan ere, promozio postuan jarri dira; azken postutik azken aurreko postura pasatu da. Asteburu honetan lehiatuko dute Heineken Ligaren azken jardunaldia. Gernika RTk, Sanitas Alcobendas Rugbyren zelaia bisitatuko du domeka eguerdian. Madrilen final bat dute, beraz. Partidu erabakigarria da. Horregatik, Urdairack Rugby Elkarteak bertara joateko autobusa antolatu du (gutxienez 40 pertsonak izena eman behar dute). Joan gura dutenek Rugby Tabernan izena eman behar dute (20 euro). Domekan, 06:30ean aterako dira autobus geltokitik.
Hiru talde daude arriskuan: Gernika RT, CR La Villa eta Complutense Cisneros eta hirurek etxetik kanpo jokatuko dute asteburuan. La Villak Barça Rugbyren kontra jokatuko du eta Cisnerosek UBU-Colina Clinic-en kontra.
Gaur gaurkoz, La Villa dago azken postuan, 34 puntugaz, eta talde gernikarrak ere puntu kopuru bera dauka. Ligako bi partiduetan talde gernikarra nagusitu zaiolako dago aurretik. Cisnerosek 37 puntu ditu.
Sailkapeneko azkena zuzenean jaitsiko da Ohorezko B Mailara, eta azken aurreko postuan geratzen den taldeak, Heineken Ligara igotzeko fasearen bigarren sailkatuaren kontra kanporaketa lehiatuko du, bi partidutara.
Atzoko partidua. Partidu zirraragarria izan zen atzokoa, tentsioz, urduritasunez eta emozioz betetakoa. Azken minutuetan lortutako laugarren entseguari esker, basurdeek erasoko bonusaren bi puntuak eskuratu zituzten. Garaipen borobila izan zen; bost puntuak eskuratzea zen erronka, eta lortu zuten.
Cisneroseko jokalariak bizi zelairatu ziren, erasorako gogoz. Baina, zenbait huts egite egin zituzten, eta etxeko jokalariak, ostera, bikain aritu ziren. Madrildarrei sufriarazi zieten; defentsa lan handia egin behar izan zuen Cisnerosek. Iker Olaetaren gaztigu ostiko bategaz eta Peio Urrutiaren entseguagaz lortu zituen lehen puntuak etxeko taldeak. Hala, atsedenaldira heldu aurretik, Mateo Bastek beste entsegu bat egin zuen. Cisnerosek, aldiz, kolpe bakarragaz lortu zituen lehen zatiko puntuak. 15-3ko markagailuagaz amaitu zuten lehen zatia.
Lehen zatiaren antzera hasi zuten bigarrena. Talde madrildarra etxekoa baino seguruago ikusi zen, eta entsegua egitea lortu zuen (15-10). Baina, Nicolas Martinezen mutilek erantzun egin zuten. Duten kemena agerian utzi zuten basurdeek. Erabaki onak hartuz, eta urduritasunak albo batera utziz, euren jokoa egin zuten. Partidu amaieran beste bi entsegu egin zituzten. Hain zuzen ere, neurketaren azken aurreko jokaldian egin zuten etxekoek euren laugarren entsegua (Joaquin Palisak egin zuen), bonusa eskuratuz. Azken aurreko entsegua Facundo Epinalek egin zuen, 76. minutuan (25-10).