Klika egiteko orduak heldu dira
20:00ak pasatxoan hartuko dute lekukoa bermeotarrek (1.813. km), eta eatarrek 1.860 km eginda, ispastertarren esku utziko dute lekukoa. Domekan Gasteizera joateko autobusak jarri dituzte.
Gaur bai, badator Korrika. Kresala bidelagun duela ailegatuko da Busturialdera, Bermeotik. 20:05 aldera, Ekaitzen koadrillakoak izango dira Busturialdeko lehenak lekukoa hartzen, 1.813. km-an (Gaztelubegiko aparkalekuan). Busturialdetik Lea-Artibaiko jauzia Bedarona eta Ispaster arteko mugan egingo dute; Eako jai batzordeak 1.860 km egin, eta ispastertarren esku utziko dute lekukoa.
Herrietako kaleetan zein errepide bazterretan, anekdota eta bitxikeria asko utziko ditu beste behin, Korrikak. Gernika-Lumon, esaterako, Euskal Telebistako Gure Kasa saioak erosi du kilometroa; kirol patronatuagaz, institutuagaz eta San Fidel ikastolagaz eta guraso elkarteagaz partekatuko du. Zuzenekoa egingo dute gaur, Miramongo estudioetako platotik eta Karlos Gangoiti kaletik.
Iluntzean, gauean zein goizaldeko ordu txikietan, euskararen eta korrikaren aldeko hotsak entzungo dira, herriz herri. Etenik barik eta neke arrastorik barik egingo dute korrika eskualdeko bizilagunek.
Aurreko orduak girotzen. Eta lekukoaren iritsieraren zain dauden bitartean, herri askotan jai giroan elkartuko dira herritarrak. Bermeon, esaterako, txokolate jana eta mokadua izango dute Kabidxeko lagunek prestatuta. Busturiarrek, askari handi herrikoia egingo dute, 19:30etik aurrera.
Iluntzeko eta gaueko hitzorduen aurretik, baina, Busturiako, Gernika-Lumoko, Muxikako eta Mutrikuko ikastetxeetako ikasleak Korrika Txikietan batuko dira. Eta arratsaldean Foruan ere egingo dute.
Gasteizera, autobusean. Domekan, Gasteizen amaituko da 21. Korrika; eguerdian, Andra Maria Zuriaren plazan egingo dute amaiera ekitaldia. Amaiera jaira joan gura dutenentzat autobusak jarri dituzte. Busturialdeko AEKk antolatutakoan izena ematea eskualdeko euskaltegietara hurreratu edota telefonoz deitu behar da; 94-625 35 96 edo 609 462 018 telefono zenbakietara deitzeko eskatu dute. Joan-etorriagatik 8 euro ordaindu behar dira.
Domekan, 09:00etan irtengo da autobusa Bermeoko Lameratik, eta Gernika-Lumoko autobus geltokitik, 09:30ean.
ORDUTEGIAK:
- Bermeo: 20:12
- Mundaka: 20:59
- Sukarrieta: 21:12
- Busturia: 21:25
- Murueta: 21:38
- Forua: 22:04
- Gernika-Lumo: 22:11
- Arratzu: 23:02
- Kortezubi: 23:16
- Gautegiz Arteaga: 23:29
- Ibarrangelu: 00:29
- Ea: 00:28
- Bedarona: 01:01