Irailean hasiko da Meñika, Mantzizidor eta Ziluagaren aurkako epaiketa
Beste 44 lagunekin batera epaituko dituzte, presoen eskubideen alde lan egiteagatik.
Irailaren 16an hasiko da 11/13 sumarioan epaituko dituzten 47 euskal herritarren aurkako auzia. Horien artean daude Kepa Mantzizidor abokatu mundakarra, Ibon Meñika gernikarra eta Ibarrangeluko udatiarra den Haizea Ziluaga. Auzipetuek bidalitako prentsa oharrean diotenez, beraien lana erabat publikoa izan da beti, eta helburu argiak izan ditu: euskal presoen eskubideak errespetatuak izatea behingoz Euskal Herrian justizian oinarritutako bakea finkatzeko.
«ETAren espetxe frontea» osatzea egotzita, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari gisa aritu izan direnak, presoei asistentzia juridikoa ematen dieten abokatuak, osasun asistentzia ematen dieten Jaiki Hadi elkarteko mediku eta psikologoak, Etxerat elkarteko kideak diren presoen senideak, eta Herrira plataforman presoen giza eskubideen aldeko lana egin duten 47 lagun epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzipetuek jasotako autoan zehazten denez, irailaren 16an, 17an, 18an eta 30ean; urriaren 1ean, 2an, 28an, 29an, 30ean eta 31n eta azaroaren 11n, 12an, 13an, 14an, 25ean, 26an, 27an eta 28an egingo dituzte auzi saioak.
Hiru hilabetez luzatuko da epaiketa; auzipetuen esanetan, “astakeria juridikoa eta soziala” dena. Talde terroristako kide izatea eta terrorismoa goratzea da 47 euskal herritar horiei leporatzen dietena, eta fiskaltzaren zigorrak 8 eta 20,5 urte bitartekoak dira. Guztira, 576,2 urteko kartzela zigorra eskatuko dute.
Etorkizun berria. Eloy Velasco epailearen aginduz 2013ko irailean hasitako polizia operazioa du oinarri 11/2013 sumarioak. Orduz geroztik, epaiketaren zain izan dira auzipetuak, eta urte hauek gogorrak izan direla aipatu dute. Hala ere, epaiketa horren “bidegabekeria” behar den lekuan eta behar den guztietan salatuko dutela aurreratu dute: “bide hau beste herritarrekin batera egin nahi dugu, herritarrak garelako egoera aldatu eta justiziarako bidea egiteko bermerik eraginkorrena”. Etorkizun berri batean sinisten dutela diote, “justizian, inolako indarkeriarik gabe eta bakean bizi den Euskal Herri bat nahi dugu. Egia, enpatia eta zubigintzaren bidez, gure eskuak eta gogoak prest daude bide hori egiteko”.
Fiskaltzaren eskaerak:
– Ibon Meñika (Gernika-Lumo):
Talde terroristan parte hartzearen akusazioagatik: 12 urte
Terrorismoa goratzearen akusazioagatik: 3 urte
GUZTIRA: 15 urte.
– Kepa Mantzizidor (Mundaka):
Talde terroristan parte hartzearen akusazioagatik: 11 urte
GUZTIRA: 11 urte.
– Haizea Ziluaga (Ibarrangelu):
Talde terroristan parte hartzearen akusazioagatik: 11 urte
GUZTIRA: 11 urte.