"Bulkada Eguna belaunaldi berriak erakartzeko eta topagunera joateko deia egiteko eguna da"
Bulkada Eguna antolatu du Gernika-Lumoko Ernaik zapaturako. 11:00etan hasita, egun osoko egitaraua izango dute aukeran bertaratzen direnek. Belaunaldi berriak erakartzeko, topagunera joateko deia egiteko, eta harreman berriak sustatzeko aprobetxatuko dute eguna.
Zelan sortu da Bulkada Berrien garaia da dinakima?
Beñat Bilbao: Aurten 40 urte betetzen dira Jarrai Gazte Antolakundea sortu zenetik, eta horren harira, Ernaik kanpaina bat abiatu zuen ikasturte hasieran; mugarri batzukekin. Bi fasetan banatu zen kanpaina. Lehenengoa nostalgikoa izan zen, atzera begirakoa. Izan ere, lehengo militanteekin afari bat egin genuen. Bigarren fasea, berriz, topagunera begirakoa da, etorkizuna ardatz duena. Hala, Topagunearen aurretik giroa berotzeko ekintza da.
Irati Omagogeaskoa: Lehengo belaunaldiekin harremantzeko egin genuen azaroan afaria. Bulkada Eguna, baina, belaunaldi berriak erakartzeko, topagunera joateko deia egiteko, eta harreman berriak sustatzeko eguna da. Zabalagoa da, kanpora begirakoa.
Gazte antolakundearen aldarrikapenak egiteko ere erabiliko duzuen jaia da zapatukoa?
I.O.: Gazte Antolakundearen oinarria beti izan da bakarra 40 urtetan zehar. Testuingurua aldatu arren, guk gurean jarraitzen dugu. Bide barriak hartu ditugu, garai berrietara egokitu garelako. Gazteria aktibatzea lortu gura dugu.
B.B.: Aldarrikapena eta ospakizun eguna da. Antolakuntzarako dei bat da, gazteria aktibatzeko deia.Bulkada Egunak herritarrak topagunera joatea bultzatu gura du, eta topaguneak, berriz, gure ingurura. Jai giroa eta borrokarako aldarrikapenak bermatuta egongo dira egun osoan.
Antolakuntzakoek ere zuen helburuak zabalduko dituzue.
I.O.: Ernaitik gazte antolakundeak 40 urtetan egindako lana zabaldu gura dugu. Kontzienteak izan behar gara egindakoaz, eta hau ezin da itzali. 40 urtetako historia ezin dela bat-batean desagertu uste dugu. Aldarrikatzen dugun Euskal Herria independentea, feminista eta sozialista da.
Eskualdeka antolatu dira Bulkada Egunak. Bakoitzak bere erara egin ditu?.
I.O.: Busturialde mailan Gernika-Lumon finkatuta dago Ernai, eta Bermeon saiakera bat egiten gabiltza gaur gaurkoz. Busturialdeko Bulkada Eguna, baina, udalerrian egitea erabaki dugu Ernaik indar gehiago daukalako bertan.
B.B.: Eskualdeen arabera, Ernaik daukan indarraren arabera, desberdinak izan dira Bulkada Egunak. Batzuetan potenteagoak izan dira beste batzuetan baino.
Egun osoko egitaraua egongo da Gernika-Lumon.
B.B.: Egun osoko plana antolatu dugu udalerrian. Goizean hitzaldi bat egingo dugu, eta ekitaldi horrek kutsu politikoa jarriko dio egunari. Eskualdeko militante oihek emango dute, eta militantziari buruz hitz egingo dute.
I.O.: Gero, poteo historikoan batuko gara. Gernikan 40 urtetan gazte antolakundeak eduki dituen bizipen garrantzitsuenak jasoko ditugu ibilbide horretan. Ondoren, bazkaria eta bertso saioa egingo ditugu. Bertsolariak ere gazte antolakundeagaz zerikusia dutenak eta eduki dutenak izango dira. Onintza Enbeitak, Jon Aranok, Beñat Bilbaok eta Koldo Gezuragak botako dituzte bertsoak. Lehengo belaunaldikoak eta gazteak elkartu gura izan ditugu, belaunaldien arteko lotura hori erakusteko.
Nori egiten diozue Bulkada Egunera hurbiltzeko deia?
B.B. Bulkada egunera nahi duen guztia dago gonbidatuta. Gazteak dira jomuga, baina gura duenak parte hartu dezake. Gazte antolakundeetan aritutakoak etorriko direla badakigu.
Egitaraua:
Apirilak 13, zapatua:
- 11:00: Arrazoie geneukon, arrazoie dekogu mahai igurua ezber abertzaleko kideekin, Astran.
- 13:00: Pote-tour Astratik Arranora. Gazte Antolakuntzaren historia eta esperientziak Gernika-Lumoko txoko berezienetatik.
- 14:30: Elkartasun argazkia Arranon.
- 15:00: Bertso bazkaria Harizpen. Onintza Enbeita, Jon Arano, Beñat Bilbao eta Koldo Gezuraga bertsolariak egongo dira.
- 19:30: Ekitaldia, Arranon.
- 20:00: Kantaldia, Arranon.