Bigarrenez ospatuko dute Danona Donea jaialdia
Uztailaren 13an egingo dute, Santa Katalinan.
Mundakako Danona Donea herri plataformak iragarri duenez, taldeak egindako jaialdi alternatibo eta autogestionatua bigarrenez ospatuko dute. Uztailaren 13an jarri dute berriz jaialdia egiteko eguna. Zain Dezagun Urdaibai elkartearen laguntzagaz, dagoeneko ekimena aurrera eramateko bilerak egiten hasi dira.
Danona Donea jaialdiak zulo irekia motako eredua esperimentatzen du Santa Katalinako gunean. Eredu horregaz “sormen kolektiboa eta bat-batekotasuna, nahastea, sorpresa eta konexio sortzaileak” bultzatuko dituzte. Hala izanik, jaialdiak “agenda zuria” izango du hasiera batean.
“Gunean bildutakoen proposamen guztiak ondo etorriak diren biribiltasunera aldatu” egingo dituzte, eta horrekin eguneko agenda transformatuz joatea nahi dute. Agenda horretan edozein ekimen kultural eta artistikok izango du bere lekua: dantza, musika, antzerkia, olerkia, irakurketa edota solasaldia bezalako ekimenak egiteko aukera zabaldu nahi dute. Talde txikietan batu eta sormenari lekua emango diote horrela.
Jaialdiaren oinarrietako bat “sinpletasuna” izango dela adierazi dute. Horren harira, eszenatokiak eta txosnak alde batera utziko dituzte, guneak berak “txoko eder bat” eskaintzen duelako. Janari eta edaria norberak eramatea proposatu dute gainera. Izan ere, jaialdiak zabaldu nahi duen mezuetako bat “espazio publikoen danontasuna zaintzea” da.
“Parte hartuko duen edozeinentzat esperientzia bera aberasgarria izango delakoan gaude, ikasketa, loturak, sormen piztaldia, ideia bereziak eta bertan sortuko zaiguna saria izango delakoan”, azaldu dute antolatzaileek.
Izen ematea zabaldu dute dagoeneko. Azaldu dutenez, jaialdian parte hartzeko ez da beharrezkoa izango izena ematea, baina hobeto antolatzen lagunduko die. Gainera, interesatuei jaialdia antolatzeko bileretara hurreratzeko deia ere egin diete. Hurrengo bilera domekan egingo dute, 17:00etan, Santa Katalinan. Euria izango balitz, Tribisarrospeko aterpean batuko dira.
Bay of Biscay Festival. Herri plataforma Mundaka Festivalaren aurka egiteko jaio zen. Duela hilabete batzuk musika jaialdia desagertu egingo zen berria jaso zuten plataformakoek. Hala ere, jaialdia Bay of Biscay Festival izenagaz eraberritu dela iragarri zuten Emankor Sareakoek, eta horrek “hainbat zalantza eta galdera” ekarri dizkie herrikoei.
Izan ere, dagoeneko jaialdiaren egunak eta parte hartuko duten taldeak taldeak iragarri eta sarrerak salgai jarri dituzten arren, “oraindik ez dute zehaztu non egingo duten jaialdia”. Hori dela eta, “herriari erantzunak emateko” eskakizuna egin dute. “Jakin dugunez jaialdiaren atal bat, Wave Rave izenekoa, Mundakan egingo da. Ez dakigu non egingo den zehazki, eta hori jakiteko zain gaude”.
Bay of Biscay Festivalaren antolatzaileek azaldu dutenez, “ekimen desberdinen balore, kokapen geografiko eta jasangarritasunaren planteamendu berdinetan batuz” sortu dute Wave Rave jaialdia.
Ekimena non egingo den zehazteke, Zain Dezagun Urdaibaik Santa Katalinan halako ekimenak egitea ekar ditzakeen arazoak gogoratu ditu. Izan ere, Mundaka Festivalak “Kosta Legea eta kutsadura akustikoaren legea hautsi zituen, besteak beste”. Horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak espedientea ireki zion Mundaka Festivalari.