Bagarelako, maita gaitzazu ondo
Iragana izan aurretik, gurea dena maita dezagun, eta maita dezagun ondo. Euskarazko komunikabideen aldeko kanpaina egin dute Hitza egunkariek, 'Maita dezagun ondo' bideoaren bitartez.
Gara. Gu gara, eta zurekin gara. Gu garelako, gurea delako eta etorkizunean ere izan dadila nahi dugulako. Hitza izan da Maita dezagun ondo kanpainaren atzean egon dena. Azken hilabetean, Miren Amuriza bertsolariaren ahotsa entzuteagaz batera Euskal Herriko irudiak erakusten zituen bideoa zabaldu dugu lau haizeetara. Maitasuna eskatzen genuen, bertokoa eta gurea dena asko maitatzea baino, ondo maitatzea.
Dagoeneko egileoi aurpegia jarri diezaiokezue; tokiko egunkariak diren Hitzak baitaude ikus-entzunezkoaren atzean: Irutxuluko Hitza, Oarsoaldeko Hitza, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, Busturialdeko Hitza, Goierriko Hitza eta Urola-Kostako Hitza.
Ondo maitatzearen aldeko aldarria egiten zuen moskeo kanpainak. Bultzatzaileek diotenez, Asko maitatzea, izatekotan, kuantitatiboki izan daiteke aberatsa. Miren Amurizak 2016ko azaroaren 30ean Berria egunkarian zioen bezala: «Maitatzea gradu bat da bere horretan; maite duzu edo ez. Ala inor maitatu daiteke gutxi? Beraz kontua ez da zenbat, baizik zelan».
Asko barik, ondo maitatu. Askok eta askok maite dute Hitza, eta horren kontziente badira tokiko komunikabideak. «Gure aldeko aldarria egiten duzue 160 karakteretan, estimatzen duzue festen kontakizuna argazkitan egitea, gustuko duzue kalean gurutzatzen duzuen bizilagunaren iritzia gure orrietara ekartzea, parte zareten elkartearen berri ematea, herriko kontuen euskalwikipedia izatea… maitatuak sentitzen gara. Datuek hori diote: bataz beste, 1.000 bisitaldi dituzte eguneko gure webguneak.
Baina asko maitatzetik ondo maitatzerako urratsa ez dute Hitzen maitale guztiok eman oraindik. Amurizak argi zion: «Ondo maitatzea zaintzea da, ez itotzea; onartzea, ez aldaraztea, ez idealizatzea; bestearekin kritikoa izatea da, ez epaitzea; hobetu dezan motibatzea, ez eskasa dela sentiaraztea…».
Bada, eman urratsa eta zaindu maite duzuen hori, zaindu Hitza. Eta Hitza maitatzeko modurik zintzoena Hitzakide egitea da. Hitzek, ordainetan, tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik kontatzeko konpromisoari heldu eta bertako edukia hainbat euskarritan emango dituzte: paperean, izan egunkarian edota aldizkarian; eta internet bidez, webgunean eta sare sozialetan argitaratuta. Gertuko informazioa modu gertukoan jaso nahi duenak pausoa ematea baino ez du: Egin zaitez Hitzakide.
Hitzako kide izateko modu abat baino gehiago. Horretarako hiru bide daude eta horietatik bi, norbanako erabiltzaileei zuzenduta daude. Hitzakide figurak Interneteko kontsumitzaileak hartzen ditu kontuan. Urtean 50 euro ordainduta prentsa eskaintza PDFan jasoko du, albiste bereziak lehenago irakurtzeko aukera izango du, azala bere neurrira jarri ahal izango du, hitzakide txartela izango du eta , nola ez, proiektua indartzen lagunduko du.
Papereko edukia kontsumitzen dutenentzako ere badago eskaintza. Lea-Artibai, Mutrikun eta Busturialdean, egunean 6.500 ale ateratzen ditu Hitzak martitzenetik barikura. Hitzakide harpidedun gehiago bildu nahi ditu (norbanakoak) eta baita Hitzakide iragarle gehiago ere (publizitate produktuak kontsumitzen dituztenentzat).
Prentsa eskaintza osoa etxean eta PDF formatuan jasoko dute, albiste bereziak lehenago irakurtzeko aukera izango dute, azala neurrira jartzeko aukera, Hitzakide txartela izango dute eta proiektua indartzen laguduko dute. Iragarle direnekin, gainera, publizitaterako tratu bereziak egingo ditu Hitzak.
Horrez gain, aipatu, Maita dezagun ondo kanpainan zehar hiru zozketa izan ditugula martxan maitadezagunondo.eus webgunean. Bertako produktuak jarri ditugu zozketan eta sari horien irabazleak ondorengoak izan dira:
1. saria: Avelina Mauleon Garziandia –Etxarri Aranatz– (Zuberoan otordua, Orduña Spa eta Iztueta otarra)
2. saria: Nerea Urdangarin –Orio– (Gandariasen otordua, Areatza Spa eta Lakari saskia)
3. saria: Haizea Bernedo -Ondarroa– (Mahala saskia)