Memoria historikoa ardatz duen egitarau zabala aurkeztu du Gernika Memoriaren Lekukok
Gernika Memoriaren Lekukok apirileko egitarauaren berri emateaz gain, webgune berria aurkeztu zuen atzo, Astran. Egitarau eta web orrialde berriagaz, mundutik zehar beste batzuekin topatzea, hausnartzea eta elkarlanean aritzea bilatu dute
2017. urteaz geroztik, Gernika-Lumoko memoria historikoa, kultura eta giza eskubideak lantzen dituzten zenbait eragile elkarlanean aritu dira Gernikako Bonbardaketako urteurreneko ekintzak antolatzen, “herriko taldeen jardueretan gutxieneko koordinazio bat lortzeko”. Hala, elkarregaz ekimen bateratuak bultzatu dituzte azken urteetan, eta aurten ere, programa zabala prestatu dute apirilerako.
Gernika-Lumoko udalerria memoriaren lekua dela oinarri hartuta, udalerriak berak duen garrantzia azpimarratu, nabarmendu eta lantzeko sortu zuten herriko hainbat taldek Gernika Memoriaren Lekuko elkarlanerako espazioa; gaur egun, Arrano Kultur Taldeak, Ipesek, Sare Gernika-Lumok, Lobak, Gernika Batzordeak eta Gernika Garretan elkarteak osatzen dute. Memoria historikoa lantzeaz gain, Picassoren Gernika margolana Gernika-Lumora hurbiltzeko ekimenak bultzatzea eta horri buruzko eztabaida publikoak sortzea ere bada plataformaren ardatz garrantzitsu bat.
Plataformak Gernikako Bonbardaketan herriko taldeek bultzatutako programa orokorra egiten eta zabaltzen du, “beti talde bakoitzaren autonomia eta nortasuna errespetatuz”. Elkarlan hori ahal bezain anitza eta zeharkakoa izatea bilatzen dute, eta aurtengo egitaraua da horren adibidea. Atzo aurkeztu zuten egitaraua Astran, eta plataformako kideek esan bezala, bi zutabetan oinarritzen da: “Batetik, era bateratuan antolatu ditugun ekintzak daude, eta bestetik, talde eta elkarte bakoitzak prestaturiko izaera anitzeko ekitaldiak”.
Elkarlanean bultzatutako ekintzen artean, Astran hilabete osoan ikusgai egongo den Basque Children: The English exile – Habanako umeak erakusketa nabarmendu dute antolatzaileek. Maite Pinto margolariaren grabatuez osatutako lana da, eta 36ko gerraren eraginez Habana ontzia hartu zuten milaka Euskal Herriko haurrek bizi behar izan zuten historia uztartzen du. Apirilaren 12an margolaria bera hurbilduko da kulturarako fabrika sozialera. Aipamen berezia egin zieten atzo, baita ere, apirilaren 26ko ekintzei: “Bonbardaketaren 82. urteurrena da eta hainbat ekimen bateratu antolatu ditugu, gure herrian memoriak bizirik dirauelako”.
Taldeek antolatutako ekimenek apirileko hainbat egun betetzen dituzte, bakoitzak bere lanketak ardatz hartuta. Hitzaldiak, kontzertuak, dastaketak zein zinema proiekzioak egongo dira aukeran.
Mundura zabaltzeko leihoa. Gernika Memoriaren Lekukok egitarauaren berri emateaz gain, webgune berria aurkeztu zuen atzo, Astran. Egitarau eta web orrialde berriagaz, mundutik zehar beste batzuekin topatzea, hausnartzea eta elkarlanean aritzea bilatu dute, betiere oinarri egonkorrekin: “Gernika Bakearen eta Kulturaren herria izan behar bada, gizakiontzat eta herrientzat justiziaren, egiaren eta askatasunaren edukiekin eraiki behar delako da”.
Hausnaketa eta elkarlanaren emaitza da www.guernicagernikara.eus webgune berria, eta tresna eraginkor bilakatu gura dute: “Gernika-Lumo Euskal Herriko historian leku garrantzitsua da, eta leku-izen sinbolikoa du gainera. Hala, hausnarketak bideratzeko, eta elkarlan oroko eta zabal baterako tresna izango da webgunea”.
Lau ataletan banatuta dago webgunea. Aurkezpenean plataformaren helburuak bildu dituzte, eta taldeen atalean, berriz, plataforma osatzen duten taldeei buruzko informazioa jaso dute. Egitarauentzako eta albisteentzako tartea ere badago bertan.
Aurkezpenak egiteko eguna ere ez zuten kasualitatez aukeratu. Izan ere, atzo 80 urte bete ziren Frankok 36ko gerraren amaiera adierazi zuen partea argitaratu zenetik. Hura amaiera gabeko gerra izan zela aitortu zuten atzo; izan ere, diktadurak izua, erbestea, kartzea, eta kontzentrazio esparruak sortu zituela gogorarazi zuten.
36ko gerra, gainera, ez zela “gerra zibila” izan kontatu zuten: “Alde batetik, guda hura iraultza eta kontrairaultza, antifaxismo eta faxismoaren nazioarteko gudaren atal bat izan zelako. Eta bestetik, Borboiar erregimenaren zapalkuntzaren zutabeak ziren armadaren, elizaren eta jabeen pribilegioak bermatzen zituzten erakunde eta egiturak, modu biolentoan erantzun zietelako haien nagusitasuna arriskuan jartzen zutenei”.
Hala Trantsizioaren erroak ere aztertu zituzten, eta bide horrek gaur egungo egoeran duen eragina nabarmena izan zela azaldu zuten, gaur egungo Euskal Herriko eta Kataluniako gertakizun politikoak aipatuz.
Hala, plataformarentzat Gernika hori baino askoz gehiago dela diote: “Gernika-Lumoko esanahi sinbolikoaren ezaugarriak askoz haratago doaz. Gure historiaren eta gure memoriaren guneetako bat da udalerria, eta mezu hori elkartasunez mundura zabaldu nahi dugu, mundua gurera ere ekarriz”.
Egitaraua:
- Apirilak 8: Gernika Memoriaren Lekuko Plataformak antolatuta, Gernika, Picasso, Errepublika, noiz eta non? hitzaldia Elai-Alai aretoan 19:00etan. Karmelo Landa EHUko irakasle oihak emango du hitzaldia.
- Apirilak 10: Ipes Elkarteak antolatuta Memoria gara izeneko hitzaldia Astran, 19:30ean.-. Josu Santamarinak eta Lander Garciak zuzenduko dute.
- Apirilak 12: Los niños del Habana hitzaldia, dokumentala eta mahai ingurua Astran, 19:00etan hasita. Gernika Memoriaren Lekuko Plataformak antolatu du, eta Maite Pinto margolaria egongo da bertan.
- Apirilak 24: El silencio de los otros dokumentalaren emanaldia Lizeo Antzokian, 20:30ean.
- Apirilak 25: La noche de 12 años dokumentalaren emanaldia Lizeo Antzokian, 20:30ean.
- Apirilak 26:
- Lau minutu geldialdia 15:45ean Merkurio plazan, San Kristobal plazan eta Errenteriko zubian. Sirena hotsa entzungo da, Gernika Batzordeak piztuko du Pasealekuko sirena, eta Lobak taldeak Astrako babeslekukoa.
- Ibilbidea kandelekin 21:00etan Foruen plazan. Gernika Batzordeak antolatutako ekimena da hau.
- Apirilak 27:
- Oroimenaren ibilbidea 12:30ean hasita. Tren geltokitik abiatuko dira, Sare Gernikak antolatutako ibilbidea egitera.
- Bazkaria eta tertulia 14:30ean, Astran.
- Azken Jatordua 20:30ean, Astran. Memoria historikotik sortutako dastaketa bultzatu dute Lobek. Jabier Gartzia eta Eneko Ordorika izango dira sukaldariak.
- 29.950 Gaba, 21:00etan, Astran. Sormen gaua egingo dute Lobek. Dantza, bideo sorkuntza, musika, hitzaldiak, dastaketak, muralak eta erakusketak egongo dira.