Haur sahararren harrera kanpaina martxan jarri dute Bermeon
Apirilaren 8ra arte egongo da irekita kanpainan izena emateko epea.
Sahararen aldeko Besalde elkarteak eta Bermeoko Udalak Oporrak bakean 2019 harrera kanpaina abiarazi dute. Ekimenagaz Aljeriako Tinduf errefuxiatuen kanpamentuetatik kanpo oporrak pasatzeko aukera eskainiko diete ume sahararrei.
Besaldeko ordezkarien berbetan, “10 eta 12 urte bitarteko neska-mutilak Aljeriako Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan jaio eta hazi dira. Ume horiek, beraien familiekin batera, erbestealdi luzea jasaten ari dira, oso baldintza gogorretan. Janari, osasun eta hezkuntza gabezi handiak dituzte eta udan 50 graduko tenperaturak jasaten dituzte; neguan, ostera, 0 gradu azpitikoak”.
Izen ematea. Kanpainan parte hartu eta uztailean eta abuztuan ume sahararra etxean hartu nahi dutenek 635 72 50 62 telefono zenbakira deitu beharko dute apirilaren 8a baino lehen.
Elkartasun proiektuagaz “haurrei beste errealitate bat bizi eta ezagutzeko aukera ematea” bilatuko dute. “Oporrek errefuxiatuen kanpamentuetan bizi dituzten baldintza gogorren arnasbidea eta herri bien arteko besarkada solidario bat izan nahi dute”, azpimarratu du.
Udalak eta Besaldek herritarrak kanpainan parte hartzera animatu dituzte.